Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Aste honetan LABI instituzionalaren bilera deituko dela aurreikusten du Sagarduik

EITB Media

LABIren bilera horretan, gaur egungo datuak aztertuko dituzte, eta, horren arabera, urtarrilaren 28ra arte ezarritako osasun-neurriak lasaitu ala ez erabakiko dute.

  • LABI instituzionalaren bilera bat. Artxiboko irudia: EITB Media

    LABI instituzionalaren bilera bat. Artxiboko irudia: EITB Media

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, pandemiaren joera aldatzen ari da eta, beraz, litekeena da aste honetan Iñigo Urkullu lehendakariak LABI instituzionalaren bilera deitzea. Horretan, datuak aztertu eta urtarrilaren 28ra arte ezarritako osasun-neurriak erlaxatu ala ez erabakiko dute.

Hala adierazi du gaur goizean, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Bertan egon diren kazetarien galderei erantzunez, Sagarduik esan du beheranzko joera berresten ari dela, eta, beraz, batzorde zientifiko-teknikoak baloratuko duela ea beharrezkoa den covid-19ari aurre egiteko murrizketak arintzea, "eta hala jakinaraziko dio Iñigo Urkullu lehendakariari, hark deitu beharko baitu LABI instituzionala, dagokionean".

LABIren azken bilera joan den abenduaren 28an izan zen, eta bertan ostalaritza 01:00etan ixtea erabaki zuten. Gainera, lokaletan % 60ko gehienezko edukiera orokorra finkatu zuten, gehienez 10 pertsonako taldeekin, eta barran kontsumitzeko debekua berreskuratuta. Neurri horiek abenduaren 29an sartu ziren indarrean, eta datorren ostiralera arte egongo dira indarrean, urtarrilaren 28ra arte.

Urtarrilaren 31n amaituko den "covid-pasaportea" delakoaren eskakizun-aldia luzatzeko aukerari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du luzapena eskatu behar bazaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, beste batzuetan egin den bezala, "garaiz" egingo dela.