Gizartea
KORONABIRUSA
Eskola-kiroleko lehiaketak berriz ere baimenduta egongo dira ostiraletik EAEn
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak eskola-kirolaren murrizketak kentzea erabaki du urtarrilaren 28tik aurrera, eta hala jakinarazi die foru-aldundiei.
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi die foru-aldundiei urtarrilaren 28tik aurrera eskolaz kanpoko jarduera guztien etenaldia bertan behera uzteko aldebakarreko erabakia; beraz, egun horretatik aurrera, eskola-kiroleko lehiaketei ekingo zaie berriro.
Erabakia Eusko Jaurlaritzak hartu du, Osasun, Kultura eta Hezkuntza sailek parte hartu duten bilera baten ondoren, lehiaketei berriro ekitea aztertzeko.
Goizean, Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez du ezer aurreratu eskola-kirolaren balizko itzuleraren inguruan. Erabakia batera hartuko dela adierazi du, baina eskumena aldundiena dela azpimarratu du.
Zentzu horretan, aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du datorren asteburuan eskola kiroleko lehiaketei berrekiteko asmoa zuela, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko neurririk hartzen ez badu behintzat. Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta lurraldeko kirol federazioen ordezkariek atzo egindako bileran erabaki zuten datorren asteburutik aurrera eskola kirolaren programaren "jarduera osoari berriro ekitea". Bide beretik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere ziur agertu da egunotan datozen egunetan eskola-kirolari berriro ekin ahal izango zitzaiola.
Bestalde, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura eta Kirol diputatua pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak eskola-kirolari berriro ekiteko hartutako erabakiarekin, eta adierazi du jarrera hori defendatu duela beti bere sailak.
Urte hasieran, eskola-kiroleko lehiaketak bertan behera uztea erabaki zuten EAEko hiru aldundiek urtarrilaren 10etik 28ra bitartean. Tarte horretan, entrenamenduak bakarrik baimendu dituzte, pandemiaren bilakaera tarteko.
Eskola-kirolaren inguruko eskumena diputazioena da eta Osasun Sailak emandako gomendioak kontuan hartuta erabaki zuten eskola-kiroleko lehiaketak bertan behera uztea.
Kirol federazioak hasiera-hasieratik agertu dira lehiaketak etetearen kontra.