Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
5.000 kasutik beherakoa da intzidentzia metatua EAEko hiru lurraldeetan
L. Z. | EITB Media
Bermeo da EAE osotik intzidentzia baxuena duena: 2.820 kasu. Hiru hiriburuetan 4.000tik gorakoa da intzidentzia; Bilbon 4.122koa, Donostian 4.272koa eta Gasteizen 4.884koa.
-
Grafikoa: EITB Media.
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Intzidentzia metatuak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) berriro ere, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Zehatz esanda, 4.289,56 kasukoa da 100.000 biztanleko.
Gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute, alegia, eremu gorrian.
Araban, intzidentzia 4.636 kasukoa da (5.104 kasukoa zen ostegunean), eta 5.000 biztanletik gora dituzten herri guztiak 5.000 kasuko mugatik behera daude. Horien artean intzidentzia handiena Gasteizek dauka, 4.884 kasukoa baita.
Bizkaian, ostegunean 5.024 kasuko intzidentzia izatetik 4.003koa izatera jaitsi da. Bilbok 4.122 kasuko intzidentzia du. Gainera, badira 4.000 kasutik beherako intzidentzia duten udalerriak ere: Balmaseda, Bermeo (taxarik baxuena du, 2.820koa), Derio, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Mungia, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Ugao eta Trapagaran.
Gipuzkoa ez da orain lurralderik zigortuena, Arabak aurrea hartu baitio. 4.461 kasukoa da gaur intzidentzia (ostegunean 5.436 kasukoa zen). Donostiak 100.000 biztanleko 4.247 kasuko intzidentzia du (5.290koa zuen hilaren 20an). Gipuzkoan ere bada 4.000 kasuko intzidentziara iristen ez denik: Arrasate, Azpeitia, Lazkao, Oñati, Urnieta eta Zumaia.
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.