Gizartea
Indarkeria matxista
Beasainen emakume bat bortxatu zuen gizonak errudun dela aitortu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errudun dela onartu du, nahiz eta esan duen ez duela 2019ko uztailaren 13an gertatutakoa gogoratzen, alkohola eta drogak kontsumitu zituelako.
-
Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Gipuzkoako serie-bortxatzailearen aurkako lehen epaiketa hasi dute gaur. Hain zuzen ere, Beasainen 2019an egindako sexu erasoagatik epaitu dute astelehen honetan. Saioan, egotzi dizkioten delituak onartu ditu.
Aste honetan eta datorren astean zehar epaituko dute ustez egindako bortxaketa guztiengatik.
Esan bezala, Beasainen egindakoak onartu ditu, nahiz eta ziurtatu duen ez duela erasoa gogoratzen: "Ezin dut ukatu, onartzen dut. Bai, aitortzen dut, gogoratzen ez badut ere, baina aitortzen dut. Ezin diot justiziari eta ikerketari gezurrik esan".
"Oso gaizki" dagoela nabarmendu ostean, auzipetuak azpimarratu du bere asmoa dela "lanean hasten denean, biktima azken zentimora arte indemnizatzea". Halaber, adierazi du terapia egiten ari dela, eta "gauzak" gogoratzen hasia dela, "erasoa gogoratzea ezinezkoa izan den arren".
Fiskaltzak, biktimaren akusazio partikularrak eta Clara Campoamor elkarteak 24 urteko espetxe zigorra eskatu dute bortxatzailearentzat.
Gipuzkoako Auzitegian egin duten lehen saio honetan, errudun dela aitortu du erasotzaileak, nahiz eta esan duen ez duela 2019ko uztailaren 13an gertatutakoa gogoratzen, alkohola eta drogak kontsumitu zituelako.
Biktimak ez zuen erasotzailea ikusi
Beasaingo biktimak ez zuen bortxatzailea ikusi, atzetik egin ziolako erasoa. Auzipetuak, biktimaren nebaren nagusiak, bazekien emakumearen neba oporretan zihoala eta biktima etxean bakarrik geratuko zela.
Horixe da, besteak beste, erasoa jasan zuen emakumeak epaiketaren lehen saioan kontatu duena. Auzipetuari beste hainbat sexu eraso leporatu dizkiote, guztiak Gipuzkoan, 2012az geroztik.
Biktimak, bestalde, ziurtatu du "oso gaizki" dagoela erasoa jasan zuenetik, ez dela okindegira itzultzeko gai izan, ez dela gauetan bakarrik ateratzen, eta begiak ixten dituenean gizon bat ikusten duela.
Kondena "sendoa" espero dute akusazioek
Akusatuari bortxaketagatik ezarriko dioten kondena "sendoa" izatea espero dute akusazioek, ikerketa "oso ongi lotuta" baitago, eta froga guztiek erakusten baitute errudun dela.