Gizartea
KORONABIRUSA
Osasun Sailaren arabera, osasun profilen falta Lehen Arreta baldintzatzen ari da
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Susana Martin Lehen Arreta Koordinatzeko zuzendariordeak nabarmendu duenez, arazoa dago familia medikuak eta pediatrak kontratatzeko, eta gaineratu du Osakidetzan ez dela inoiz horrenbeste jende egon kontratatuta.
Osasun publikoa aldarrikatzeko Donostian, Bilbon eta Gasteizen milaka pertsona kalera atera eta biharamunean Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu duenez, Lehen Mailako Arretaren funtzionamenduan eragin zuzena izaten ari da osasun-profil jakin batzuen falta. Gaineratu du Osakidetza arazoak izaten ari dela profesionalak ordezkatzeko garaian.
Pandemiari dagokionez, motel bada ere, joera aldatzen eta kasuak gutxitzen ari direla ziurtatu du Legebiltzarrean. Horren arabera, urtarrilaren 11n goia jo zuen 14 eguneko intzidentzia metatuak, birsorkuntza-indizeak (R0) 1etik behera jarraitzen du, ospitaleratzeak % 25 jaitsi dira eta ZIUetan egoera egonkortu egin da, bertan oraindik paziente asko badaude ere.
Susana Martin Lehen Arreta Koordinatzeko zuzendariordea izan du gaur lagun Osasun sailburuak Legebiltzarrean. Oso aste gogorrak izan direla onartu dute, baina hartu dituzten neurriak beharrezkoak izan direla adierazi dute. Horien hitzetan, inoiz ez da hainbeste langile kontratatuta egon Osakidetzan, baina arazoak dituzte familia medikuak eta pediatrak kontratatzeko, eta Lehen Arreta indartzeko lanean jarraitzen dutela azaldu dute.
"Une honetan, familia-medikuntzako 156 lanpostu hutsik ditugu, eta Pediatriako 198", azaldu du Martinek. Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko zuzendariordearen arabera, "arazo horren arrazoia ezin zaio administrazio honi leporatu, ezta gainerako autonomia-erkidegoei ere". Kontua da, horren esanetan, espezialitate jakin batzuk prestatzeko deialdien plangintzak ez zuela kontuan hartu, bere garaian, egungo mediku askoren erretiroarekin zetorren belaunaldi-erreleboa.
Sagarduiren arabera, gaur-gaurkoz 45.731 pertsona daude kontratatuta Osakidetzan
Gotzone Sagarduiren lehen txanda amaituta, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartzen duten talde parlamentarioek galderak egin dizkiote Osasun sailburuari.
Erantzunen tartean Sagarduik azpimarratu duenez, gaur-gaurkoz 45.731 pertsona daude kontratatuta Osakidetzan, inoizko kopururik handiena.
Halaber, behar diren proba diagnostiko guztiak egiten ari direla nabarmendu du Sagarduik: 14.000 eta 20.000 artean.
"Egiten ditugun antigeno proba guztiak jakinarazi egiten ditugu eta beharrezkoak diren proba guztiak egiten ditugu", gehitu du Sagarduik.