Gizartea
kORONABIRUSA
Txertatze ziurtagiria derrigorrezkoa da jada Iparraldean leku gehienetan sartzeko
Manu Gimenez | EITB Media
Kontseilu Konstituzionalaren oniritziaren ostean, astelehen honetan sartu da legea indarrean. Garraio eta espazio publiko gehienetan erakutsi beharko da agiria.
Gaurtik aurrera, derrigorrezkoa da txertatze ziurtagiria Ipar Euskal Herrian publikoari irekitako leku gehienetan sartu ahal izateko. Txertatu gabeko pertsonei espazio publiko eta pribatu gehienetan sartzea galaraziko die lege horrek.
Aurreko ostiralean, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak oniritzia eman zion txertatze ziurtagiriaren zati garrantzitsuenari, eta, beraz, legea hilaren 24 honetan sartu da indarrean. Parlamentuko bi ganberek urtarrilaren 16an onartu zuten lege berria.
Konstituzionalaren kasuan, azkenean, epaileek legearen puntu polemikoena ere babestu dute, hau da, ostalaritza establezimenduetako langileei bezeroen nortasuna egiaztatzeko ahalmena ematen diena.
Horrenbestez, langile horiek bezeroen nortasuna egiaztatu ahalko dute, baina betiere txertatze ziurtagiria faltsua izan daitekeela susmatzen badute. Eta bezeroak uko egingo balio nortasun agiria erakusteari, "ondorio bakarra" espazio horretan sartzea galaraztea izango litzateke, Konstituzionalak ebatzi duenez.
Hori bai, epaileek ez dute onartu ekitaldi politikoetan ere txertatze ziurtagiria eskatu ahal izatea, mitinetan parte hartzea eskubide konstituzionala delako. Gogoratu behar da hiru hilabete barru presidentea hautatzeko hauteskundeak egingo dituztela Frantziako Estatuan.
Egunero 300.000 pertsona inguru kutsatu dira omikronekin Frantziako Estatuan, eta txertatu gabeak dira larri gaixotzen diren gehienak. Horregatik, legea lehenbailehen jarri nahi izan du indarrean Gobernuak, olatuari euste aldera.
Neurriak
Hala, kultur ekitaldietara joateko (zinemak, antzokiak, museoak…) derrigorrezkoa izango da hiru dosiko pauta osoa beteta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu eta bi dosi jasota izatea edo txertorik ez jasotzeko mediku salbuespena edukitzea.
Baldintza horietako bat bete beharko da merkataritza gune handietan, kafetegietan, tabernetan, jatetxeetan edo kirol aretoetan sartzeko, eta baita ibilbide ertain eta luzeko garraio publikorako ere.
Txertaketa ziurtagiri faltsua erakusten dituztenentzako zigorrak handitu egingo dituzte, eta gehienez 5 urteko espetxe-zigorra eta 75.000 euroko isuna jasoko dute agiri faltsuak dituztenek.
Hala eta guztiz ere, "amnistia" moduko bat aurreikusten da pertsona horientzat 30 eguneko epean txertoa hartzen badute.
16 urtetik gorakoei bakarrik ezarriko zaie lege berria. 12 eta 15 urte artekoek nahikoa izango dute aurreko osasun ziurtagiriarekin.
5 eta 11 urte arteko adingabeei dagokienez, gurasoen artean txertaketaren inguruko desadostasunik balego, baten nahia nahikoa izango da haurra immunizatzeko.
Orain arte, osasun ziurtagiriak aurreikusten zuen, txertaketaz gain, nahikoa zela test negatibo bat erakustea, baina aukera hori bertan behera geratu da.