Itxi

Gizartea

Elkarretaratzea

Gurutzetako larrialdietako langileek "prekarietatea" salatu eta "baliabide gehiago" eskatu dituzte

Agentziak | EiTB Media

"Oso erreta gaude" lelopean, zerbitzua "egoera kritikoan" dagoela salatu dute, eta, besteak beste, osasun profesionalak areagotzea eskatu dute.

  • Larrialdietako langileen elkarretaratzea Gurutzeta Ospitale aurrean. Argazkia: ELA

    Larrialdietako langileen elkarretaratzea Gurutzeta Ospitale aurrean. Argazkia: ELA

Gurutzeta Ospitaleko larrialdietako langileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Barakaldoko osasun zentroaren aurrean, zerbitzuaren "egoera kritikoa" eta bizi duten prekarietatea salatzeko, eta "baliabide gehiago, behargin gehiago, antolakuntza hobea eta kalitatezko trebakuntza" eskatzeko.

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladan bildu dira kategoria profesional ezberdinetako langileak. "Oso erreta gaude" lelopean, zerbitzua "egoera kritikoan" dagoela salatu dute, eta, besteak beste, osasun profesionalak areagotzea eskatu dute, "arreta eskaera ratioei egokituz", larrialdiak "bultzatu eta sendotzeko" helburu nagusiarekin.

Horregatik, "haserrea bistaratzea" eta mobilizazioak abiatzea erabaki dute, aurrena ostegun honetan, egoera publiko egiteko xedearekin.

"Animo gutxi, gogoak zenbaki gorritan eta bihotza pixka bat hautsita dugu", ziurtatu dute. Gainera, egun euren "bokazioa desagertzeko arriskuan" dagoela uste dute. Pandemiak "jota utzi eta ia hondoratu" dituela erantsi dute.

"Covid-19 pandemian murgildurik denbora daramagu, olatuen bilakaeraren menpe, eta osasun zerbitzuak etengabe daude jomugan", azaldu dute. Gizarteak "arreta sistema sendo bat behar eta eskatzen du, egoerari aurre egiteko erabat kohesionatua, eta modu eraginkorrean ohiko zein ezohiko beharrizanei erantzuteko", azpimarratu dute.

Zentzu horretan, "Osakidetza osasun sistemaren mosaiko barruan, pieza bat da Gurutzeta Ospitaleko larrialdi zerbitzua, Bizkaiko lurraldearen erreferentzia ospitale nagusira sartzeko atea".

Salatu dutenez, zerbitzuak "urteak eman ditu egoera kritikoan, eta pandemiak ahultasunak eta gabeziak agerian utzi ditu, arretaren kalitatearen kaltetan".

Asanbladaren hitzetan, "geratzeko iritsi den errealitate batera egokitzea ezinbestekoa da" eta "zerbitzuaren zein profesionalen funtsezko beharrizanei erantzuteko aldaketak egitea".

Hala ere, "aldaketak egiteko prest dauden arduradunen umezurtz gara, ez dute hobekuntzarik bultzatzen bost olatu igaro ondoren, eta larrialdiak zuzentzeko buruzagitzarik eta ardatzik ez dago; osasun profesionalen haserrea elikatzen duen erregaia", nabarmendu dute.

"Larrialdi zerbitzuko osasun profesionalen kalitatezko trebakuntza egokia", aldarrikatu du asanbladak, baita "lanaren dinamizazioa ere, arreta protokoloen eta pauta estandarizatuen bidez".

Era berean, osasun profesionalen kopurua areagotzea eskatu dute, "arreta ratioei egokituz".