Gizartea
Greba Orokorra
Lekuko zuzena: Pasaiatik Bilbora, grebaren erretratua
Iñigo Herce
Bilbao
Greba deialdiak babes zabala izan du Bizkaian eta Gipuzkoan. Pasaiatik Bilbora egin dugun bidaiak horrela adierazten du.
-
Iñigo Herce | eitb.com
Goizeko zazpietan Pasaiako portuak ezohiko irudia zuen. Egunero ordu horretan ontziak deskargatzen dituzten garabiak geldirik zeuden. Kamioien joan-etorririk ez zegoen eta, goizeko lehen ordua izan arren, geldialdia erabatekoa zela zirudien. Irudi bera zuen arrain merkatuak. Goizaldean arrain salerosketan parte hartzen duten ehunka merkatari eta saltzaileren arrastorik ez zegoen. Erabat geratuta zegoen.
Autobus bat ikusita, garraioan zerbitzu minimoak betetzen ari zirela ematen zuen. Aurrerago, Trintxerpe auzoan, portuaren mugan, Ertzaintzaren bi ibilgailu zeuden bide bazterrean. Ertzainak lasai, kafea hartzen tabernan; istilurik ez dagoen seinale.
Donostiako saihesbidean, zirkulazio gutxi. Kamioirik ez zen ikusten. Normalean baino ibilgailu dezente gutxiago ikusi da lehen orduan. Bilboko norabidean, A-8 autobidean, hori zen goizean goiz gaurko erretratua. Ibilgailu gutxi bai, baina ezin esan basamortua zirudienik, ezta gutxiago ere.
Zumaia, Mendaro, Elgoibar eta Eibar paretik pasatzean, industria jarduerarik ez zen ia ikusten: industrialdeetako pabiloietan ez zen argirik ikusten, ateak itxita zeuden eta ez zegoen garraio ibilgailurik inguruetan.
Durango eta Galdakao aldean, beste arreta puntu bat: abiadura handiko trenaren lanak, erabat geldirik. Basauri inguruetako industrialdeak ere, Gipuzkoakoetan bezala, ia ez zen mugimendurik ikusten.
Malmasingo tunela pasatuta, Bilboko saihesbidean barrena, ibilgailuen zirkulazioa ez zen lanegun normal batekoa, ezta igande batekoa ere. Ibilgailuak bazebiltzan, batera eta bestera. Ez zen kamioirik ikusten, ezta eskola autobusik ere. Sabino Aranako sarrera ere normalean baino errazago egin dugu, baina ez zuen ematen hiria hutsik zegoenik. Ume batzuk, uniformez jantzita, eskolarako bidean, Bilbo erdialdean. Salbuespena ziruditen, egunero geltokietan izan ohi diren umeak gaur ez baititugu autobusaren zain ikusi.
Pikete pare bat kaleetan zehar, nahiko lasai. Ertzaintzaren patruilek ere ez zuten tentsio handirik erakusten. Tranbia, martxan, zerbitzu minimoen barruan, baita Bilboko metroa ere. Greba eguna dela ezin ukatu, ezta horren jarraipena dezente handia izaten ari dela ere.