Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

5.048 kasuko intzidentzia du Bilbok, 5.290ekoa Donostiak eta 5.359koa Gasteizek

L. Z. | EITB Media

Araban, Gasteiz da intzidentzia altuena duen udalerria (5.359 kasukoa); Bizkaian, Berango (6.634koa), eta Gipuzkoan, Elgoibar (6.868koa).

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentzia metatuak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) berriro ere, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Zehatz esanda, 5.222,50 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute, alegia, eremu gorrian. 

Araban, intzidentzia 5.104 kasukoa da (5.981 kasukoa zen astelehenean), eta 5.000 biztanletik gora dituzten herri gehienak, Gasteiz eta Amurrio salbu, 5.000 kasuren mugaz azpitik daude. Hain zuzen ere, 5.329 kasuko intzidentzia metatua dauka Gasteizek.

Bizkaian, asteleheneko 6.131 kasuetatik (100.000 biztanleko) 5.024ra jaitsi da intzidentzia. Bilbok 5.048 kasuko intzidentzia du. Gainera, gutxienez 18 udalerrik dute 5.000 kasutik beherako intzidentzia.

Gipuzkoa da oraindik lurralde zigortuena, alde oso txikiarekin baina. 5.436 kasukoa da gaur intzidentzia (astelehenean 6.327 kasukoa zen). Donostiak 100.000 biztanleko 5.290 kasuko intzidentzia du (5.864koa zuen hilaren 17an). Elgoibarren (11.464 biztanle), 14 egunetan metatutako intzidentzia 6.868 kasukoa da (EAEn intzidentziarik altuena duen udalerria da). 

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.