Gizartea
Koronabirusa
Ospitaleetako presioa pixka bat jaitsi da EAEn, baina 122 pertsona daude ZIUetan eta 718 gela arruntetan
Naiara Ballesteros | EITB Media
Intzidentzia metatua mila puntu baino gehiago jaitsi da azken hiru egunetan, baina oso altua izaten jarraitzen du: 100.000 biztanleko 14 eguneko 5.222 kasu. Positibo berriei dagokienez, proba diagnostiko gehiago egin eta kasu gehiago zenbatu dituzte.
-
Basurtu ospitaleko larrialdi zerbitzuetako kanpoaldea. Argazkia: EITB Media.
Ospitaleetako presioa altua da oraindik Euskadin, baina azken hiru egunetan jaitsi egin da, bai ZIUetan, bai gela arruntetan. Zainketa intentsiboetako unitateetan 143 gaixo izatetik 122 izatera igaro dira igandetik. Era berean, 718 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 780 ziren igandean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan argitaratutako azken buletin epidemiologikoak jasotzen duenez, intzidentzia metatua, oso maila altuetan jarraitzen badu ere, jaitsi egin da 100.000 biztanleko 6.235 kasutik 5.222ra. Datu hori 1.013 puntu jaitsi da astelehenean argitaratutako datuekin alderatuta. Intzidentzia lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoak du oraindik tasarik altuena (5.436 kasu 100.000 biztanleko), eta Araba (5.104 kasu) eta Bizkaia (5.024) daude ondoren.
Gainera, 15.766 proba diagnostiko egin dituzte asteazken honetan, eta horietatik 5.782k eman dute positibo. Horrek esan nahi du proba gehiago egin dituztela eta aldi berean positibo gehiago atzeman direla astelehenean jakinarazitakoekin alderatuta, orduan 3.806 positibo jakinarazi baitzituzten. Positibotasuna % 36,7koa da.
Bestalde, oinarrizko erreprodukzio tasak, R0 indizeak (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du), behera egiten jarraitzen du. Hala, epidemiologoek gomendatzen duten langatik (1) behera egoten jarraitzen du, 0,69an baitago, astelehenean emandako azken datuaren arabera 0,83an zegoen arren. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Arabak du daturik txarrena (0,76), nabarmen jaitsi arren (0,99), eta Gipuzkoan (0,83tik 0,70era) eta Bizkaian (0,78tik 0,67ra) ere egin du behera.
Adin-tarteei erreparatuta, 40-49 urtekoak kolpatu ditu gogorren covid-19ak, 7.495 kasuko intzidentzia metatua baitu 100.000 biztanleko, eta 30-39 urtekoak daude gero, 7.068 kasuko intzidentziarekin. Tasarik txikienak, berriz, 60-69 eta 70-79 urteko kolektiboetan atzeman dituzte, tarte horietan intzidentzia 100.000 biztanleko 3.000 kasutik behera baitago.
Pandemiak herriz herri duen egoera neurtzen duen koronabirusaren semaforoan ez da kolore aldaketarik izan. Araban, Gasteiz da intzidentzia altuena duen udalerria (5.359 kasukoa); Bizkaian, Berango (6.634koa), eta Gipuzkoan, Elgoibar (6.868koa).
Txertaketa
Euskadiko 12 urtetik beherakoen % 54,6k covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat jarrita dauka dagoeneko, eta % 7,5ek jarraibide osoa jaso du. Gainera, 984.174 indartze-dosi eman dira, 12 urte edo gehiagoko biztanleen % 54.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan argitaratu duen azken txertaketa-buletinaren arabera, Euskadin covid-19aren aurkako 4.399.966 txerto eman dituzte, lehen eta bigarren dosiak barne, baita dosi bakarrak eta indargarriak ere.