Gizartea
Donostia
Zauritu bat istiluetan eta Atletico Madrilen autobusaren aurka objektuak jaurti dituzte Anoetan
Agentziak | EiTB Media
Isabel IIaren Hiribidean zegoen pertsona bat osasun zentrora eraman behar izan dute buruan zauri bat zuelako. Dirudienez, eraso egin diote. Antza denez, Atletico Madrilen jarraitzaile bat da.
Realeko zale talde batek Atletico Madrilen autobusaren eta Ertzaintzaren ibilgailu baten aurka objektuak jaurti ditu Anoeta futbol zelaian. Istiluak izan dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, pertsona bat zauritu da Anoeta inguruan izandako liskarretan, baina ez toki berdinean.
Segurtasun Sailak zehaztu duenez, Isabel IIaren Hiribidean zegoen pertsona bat osasun zentro batera eraman behar izan dute buruan zauri bat zuelako. Dirudienez, eraso egin diote. Antza denez, Atletico Madrilen jarraitzaile bat da.
Atleticoren autobusa objektu, irain eta aurkako kantuekin hartu dute dozenaka zale txuri-urdinek Reale Arenan. Talde madrildarrak eta Realak Errege Kopako final zortzirenetako partida jokatu behar dute Donostian. Jarraitzaile txuri-urdinek Aitor Zabaleta gogora ekarri dute. Zale gipuzkoarra 1998an hil zuten, Vicente Calderon futbol zelaiaren kanpoaldean.
Objektuek kalte materialak eragin dituzte Atleticoren ibilgailuan. Gutxienez kristal bat hautsi dute, lekukoek azaldu dutenez.
Gainera, Ertzaintzaren ibilgailu bati eraso egin diote autobusaren eskolta dispositiboan. Ertzainek istiluen kontrako materialarekin kargak egin dituzte.