Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Sagardui: "Egoera epidemiologikoan joera aldaketa bat ikusten hasi gara"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Osasun sailburuaren hitzetan, intzidentziak astebete darama jaisten eta erietxeetan ere "aldaketa" igarri dute. Dena dela, "zuhurtzia" eskatu du.

  • Sagardui, gaurko prentsaurrekoan

    Sagardui, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, Euskadiko "egoera epidemiologikoan joera aldaketa bat" ikusten hasi dira, eta horren adibide, azken 14 eguneko intzidentzia metatuaren jaitsiera —urtarrilaren 11tik behera egiten ari da, eta 5.933 kasutan dago 100.000 biztanleko— eta ospitaleetan atzemandako "aldaketa" —717 pertsona erietxeratuta eta 131 ZIUetan— aipatu ditu.

Sagardui gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan mintzatu da horrela, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eleduna ondoan zuela.

Aldaketak gorabehera, "zuhur" agertzeko deia egin du Osasun sailburuak: "Zuhurtzia eskatu nahi dut, izan ere, datuak eta kutsatzeak oso altuak dira. Ikusi behar dugu nolako bilakaera duen pandemiak".

Astelehen honetako datuak ere jakinarazi ditu. 15.365 proba diagnostiko egin ondoren, 5.502 positibo atzeman ditu Osakidetzak, eta pilatutako intzidentzia 5.933 kasutan dago; duela zazpi egun 7.038 kasutan zegoen.

Ospitaleei dagokionez, sailburuak esan du gaur-gaurkoz 717 daude erietxeetako gela arruntetan eta 131, ZIUetan, hurrenez hurren, duela astebete baino 123 eta 11 gutxiago. Azaldu du ospitaleratze berriak 70ren bueltan daudela, "zenbaki altuak dira oraindik ere", ohartarazi du, eta gogorarazi kontingentzia planaren bost agertokietatik 3.ean dagoela Osakidetza.

Sagarduiren hitzetan, joera aldaketa horrek "hiru faktorerekin egiten du bat: Gabonetan izan ohi diren harreman sozialak gutxitu direla, prebentzio neurriak hartu genituenetik bi aste igaro direla, eta protokolo eta antolaketa neurriak aldatu ditugula zaurgarrienak lehenesteko".

"Ez dago probak egiteko mugarik"

Protokolo aldaketak eraginda, egindako proba kopurua eta zenbatutako positiboak gutxiago izan daitezkeela eta, kazetarien galderei erantzun die Sagarduik. Zehaztu du azken 10 egunetan batez beste 22.000 test egin dituztela; "ezin esan gutxi direnik". Horren ildoan, honako azpimarratu du: "Proba diagnostiko bat behar duenak ez du zailtasunik izango; Osakidetzan ez dago probak egiteko mugarik".

Txertaketa hizpide, sailburuak adierazi du Osakidetza atzo hasi zela 30-39 urtekoei dosi gehigarrirako hitzordua ematen, eta egun bakarrean 15.000 zita eman zituztela iragarri du.

Sagarduiren arabera, "Osakidetzak lehen, bigarren eta hirugarren dosien txertaketan murgilduta jarraitzen du, bai eta txertaketa pediatrikoan ere" eta, "astez aste" babestuta dauden pertsona kopurua hazten doa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.