Gizartea
EUSKADI IRRATIA
Baliteke pandemia lautadara iritsi izana, Ugo Mayorren arabera
Onintza Aiestaran | EITB Media
Osakidetzak protokoloa aldatu duenez gero, pandemiaren bilakaera zein den ikusteko ospitaleetako egoerari erreparatu behar zaiola uste du Ikerbasqueko ikerlari eta EHUko irakasleak. Halaber, Ugo Mayorren esanetan, baliteke hildakoen kopuruak gora egitea hurrengo asteetan.
-
Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlaria eta EHUko irakaslea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
13:44 min
Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlari eta EHUko irakaslearen esanetan, baliteke pandemia lautadara iritsi izana. Osakidetzak datuen jarraipena egiteko protokoloa aldatu duenez gero, positibo kopurua, intzidentzia metatua eta R0 birsorkuntza tasa bezalako adierazleak ez omen dira egokiak pandemia gora edo behera egiten ari den egiaztatzeko. Horien ordez, ospitaleetako zenbakiei erreparatu behar zaiela uste du. Horrela mintzatu da Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.
Azken astean 78 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren ondorioz eta, Ugo Mayorren, arabera baliteke datorren astean oraindik ere hildako gehiago izatea. Ikerbasqueko ikerlari eta EHUko irakaslearen hitzetan, orain arte 80 urtetik gorakoen intzidentzia kurbak zehaztu du hildako guztien kopurua: "Kurba horri begiratuta oraindik hildakoen zenbakia gora egiteko joeran dago".
Ugo Mayorrek zalantzan jarri du covid ziurtagiria baliagarria ote den omikron aldaeraren zabalkundea eteteko. Omikron aldaeraren aurretik, txertatuek txertatu gabekoek baino gutxiago kutsatzen zuten zientzialariak emandako datuen arabera. Omikronekin, ordea, kutsatzeko probalitate berdina omen dute covid-19aren aurkako txertoa hartu dutenek eta hartu ez dutenek.
Koronabirusaren gripalizazio kontzeptua kritikatu egin du. Ugo Mayorren iritziz, "kontzeptu hori sortu da nahiko genukeenaren irudia emateko", baina "sortzen dugun errelatoak ez du errealitate hori aldatuko". Ildo horretan, gaur-gaurkoz, zaila ikusten du eszenatoki horretara iristea.
Indartze edo errefortzu dosiari buruz galdetuta, ez du oso argi populazio orokorrari eman behar ote zaion. Gaineratu duenez, txertoa erabiltzen ari dira kutsatzeak eteteko modu bakar gisa. Txertoa ez ezik, telelana eta aireztapena bezalako baliabideak aplikatu beharko liratekeela uste du.