Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

2.000 positiboren langa gainditu du berriro Nafarroak

Onintza Aiestaran | EITB Media

Aurreko egunetako datuekin alderatuta, atzemandako kasu kopuruak gora egin badu ere, duela astebete 3.507 positibo hautematen zituzten, eta duela 14 egun, 3.136.

  • Osasun langile bat gazte bati koronabirusa hautemateko proba egiten

    Osasun langile bat gazte bati koronabirusa hautemateko proba egiten. Artxiboko argazkia: EFE

2.193 koronabirus kasu hauteman zituzten atzo Nafarroan, Foru Gobernuak astearte honetan zabaldutako behin-behineko datuen arabera.

Igandean, 1.385 positibo berri zenbatu zituzten; larunbatean, 1.314; eta ostiralean, 1.854. Aurreko egunetako datuekin alderatuta, gorakada txiki bat izan da. Hala ere, duela astebete (3.507) eta duela bi aste (3.136) atzemandakoak baino gutxiago dira.

Kutsatze gehien izan dituzten udalerrien buruan Iruñea ageri da, 600 kasu baino gehiagorekin. Auzoen artean, Arrotxapea, Txantrea eta II. Zabalgunea dira positibo gehien zenbatu dituztenak: 108, 78 eta 74, hurrenez hurren. Atzetik, udalerri hauek daude: Tutera (124), Burlata (57), Barañain (54) eta Aranguren (52).

14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatuak 6.000 kasutik gorakoa izaten jarraitzen du.

Ospitaleetako presioak ere bere horretan jarraitzen du. Atzo Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, 266 pertsona daude koronabirusagatik ospitaleratuta, eta ZIUetan daude horietako 37. Duela astebete 246 zeuden (ZIUetan 35), eta duela 14 egun, 183 (ZIUetan 22).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.