Itxi

Gizartea

Protesta ostegunean

Larrialdietako beharginek elkarretaratzea egingo dute Gurutzetan, zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatzeko

Agentziak | EiTB Media

"Animo gutxi, gogoak zenbaki gorritan eta bihotza pixka bat hautsita dugu", ziurtatu dute. Gainera, egun euren "bokazioa desagertzeko arriskuan" dagoela uste dute. Pandemiak "jota utzi eta ia hondoratu" dituela erantsi dute.

  • Osasun langileen protesta bat Gurutzeta Ospitale aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

    Osasun langileen protesta bat Gurutzeta Ospitale aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko larrialdietako langileek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, zerbitzua "egoera kritikoan" dagoela salatzeko, eta, besteak beste, osasun beharginak areagotzea eskatzeko, Barakaldoko (Bizkaia) ospitalearen larrialdiak "bultzatzeko eta sendotzeko" helburu nagusiarekin.

Gurutzeta Ospitaleko zaindariek eta erizainek, besteak beste, 'Gurutzetako Larrialdietako Asanbladan' batzea erabaki dute, egoera aztertu eta hobetzeko proposamenak egiteko.

"Animo gutxi, gogoak zenbaki gorritan eta bihotza pixka bat hautsita dugu", ziurtatu dute. Gainera, egun euren "bokazioa desagertzeko arriskuan" dagoela uste dute. Pandemiak "jota utzi eta ia hondoratu" dituela erantsi dute.

"Covid-19 pandemian murgildurik denbora daramagu, olatuen bilakaeraren menpe, eta osasun zerbitzuak etengabe daude jomugan", azaldu dute. Gizarteak "arreta sistema sendo bat behar eta eskatzen du, egoerari aurre egiteko erabat kohesionatua, eta modu eraginkorrean ohiko zein ezohiko beharrizanei erantzuteko", azpimarratu dute.

Zentzu horretan, "Osakidetza osasun sistemaren mosaiko barruan, pieza bat da Gurutzeta Ospitaleko larrialdi zerbitzua, Bizkaiko lurraldearen erreferentzia ospitale nagusira sartzeko atea".

"Aldaketak egiteko prest dauden arduradunen umezurtz gara"

Salatu dutenez, zerbitzuak "urteak eman ditu egoera kritikoan, eta pandemiak ahultasunak eta gabeziak agerian utzi ditu, arretaren kalitatearen kaltetan".

Asanbladaren hitzetan, "geratzeko iritsi den errealitate batera egokitzea ezinbestekoa da" eta "zerbitzuaren zein profesionalen funtsezko beharrizanei erantzuteko aldaketak egitea".

Hala ere, "aldaketak egiteko prest dauden arduradunen umezurtz gara, ez dute hobekuntzarik bultzatzen bost olatu igaro ondoren, eta larrialdiak zuzentzeko buruzagitzarik eta ardatzik ez dago; osasun profesionalen haserrea elikatzen duen erregaia", nabarmendu dute.

"Larrialdi zerbitzuko osasun profesionalen kalitatezko trebakuntza egokia", aldarrikatu du asanbladak, baita "lanaren dinamizazioa ere, arreta protokoloen eta pauta estandarizatuen bidez".

Era berean, osasun profesionalen kopurua areagotzea eskatu dute, "arreta ratioei egokituz".

Egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, 14:30ean, Gurutzeta Ospitalearen ate nagusi aurrean. Gainera, ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urtarrilaren 23rako deitu dituzten manifestazioekin bat egin du asanblada berriak, lehen arretaren "kolapsoa" zein ospitaleetako gainkarga salatzeko.