Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gipuzkoako 17 federaziok eskola kirol lehiaketen debekua "aste honetan bertan" altxatzea eskatu dute

Agentziak | EiTB Media

Debekuarekin "erabateko desadostasuna" azaldu dute federazioek, "ulertezina" delako.

  • EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

    EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Eskola lehiaketen debekua "aste honetan bertan" altxatzea eskatu diote Gipuzkoako 17 kirol federaziok Eusko Jaurlaritzari. Covid-19aren seigarren olatuari eusteko indarrean jarritako neurrietako bat izan zen.

Futbol, saskibaloi, eskubaloi, atletismo, gimnasia, halterofilia, hockey, judo, mendi, igeriketa, pilota, bela, triatloia, ehiza, urpeko, herri kirol eta kirol egokituko federazioen ordezkariek prentsaurreko bateratua eman dute, Jaurlaritzari neurria atzera bota eta haurrei kirola egiten uztea eskatzeko.

Debekuarekin "erabateko desadostasuna" azaldu dute federazioek, "ulertezina" delako; izan ere, pandemian zehar aurretik gertatu bezala, txikienen arteko kirola eragozten duen erkidego bakarra da Euskadi.

"Gipuzkoako gizartean, kirola jarduera funtsezko praktika da, batez ere adin txikikoen artean. Baina, funtsezkotzat jo beharrean, eskola kirolak geldi eman zuen ia urte eta erdi; ume askok kirol jarduera uztea ekarri du horrek", deitoratu dute federazioek.

Sinatzaileek azpimarratu dutenez, haur hasiberriei lehiatzen uzten ez zaien bitartean, "jende pilaketak suposatzen dituzten beste jarduera batzuk bai, ohitura osasungarrienetako bati kalte eginez".

Kirol ez profesionalak "maila eman du, gizarteak espero bezala"

Eskola kirola bertan behera uzteak "ez du oinarri zientifikorik, ezta osasun egoera hobetzeko mesederik egiten ere", erantsi dutenez, "aditu askok azken egunetan azaldu bezala".

Federazioek gogorarazi dutenez, kirol ez profesionalak "maila eman du, gizarteak espero bezala", "giro seguru batean kirol jarduera aurrera eramateko" jarrera azaldu duelako.

"Dozenaka milaka kirolarik, federatuk zein eskola-umek, iragan irailetik euren kirolaz disfrutatu dute, ondorio negatiborik antzeman gabe", gaineratu dute.

Federazioek ez dute Eusko Jaurlaritzarekin harremanik izan, baina bai Aldundiarekin. Hala ere, agiria Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari bidaliko diote.