Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
Ordizia da intzidentzia tasa altuena duen EAEko udalerria
L. Z. | EITB Media
100.000 biztanleko 7.825 kasuko intzidentzia tasa metatua du Gipuzkoako aipatu udalerriak. Oro har, behera egin du intzidentziak Euskal Autonomia Erkidegoko leku gehienetan, nahiz eta badiren salbuespenak; Gasteiz, adibidez
-
Grafikoa: EITB Media.
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Intzidentzia metatuak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Zehatz esanda, 6.235 kasukoa da 100.000 biztanleko.
Gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute, alegia, eremu gorrian.
Araban, intzidentzia 5.981 kasukoa da (5.883 kasu ziren ostegunean), eta 5.000 biztanletik gora dituzten herri gehienetan, Agurainen salbu, 5.000 kasuren muga gainditu da, baita Gasteizen ere (6.282).
Bizkaian, osteguneko 6.843 kasuetatik 100.000 biztanleko 6.131 kasura jaitsi da intzidentzia metatua. Bilbok 6.166 kasuko intzidentzia du. Gainera, Gorlizek, Ortuellak, Trapagaranek eta Ugaok 5.000 kasuko intzidentziatik jaistea lortu dute.
Gipuzkoa da oraindik ere lurralde zigortuena. 6.327 kasukoa da gaur bertan (ostegunean 7.357 kasukoa zen). Donostiak 100.000 biztanleko 5.864 kasuko intzidentzia metatua du (6.585ekoa zen hilaren 13an). Ordizian (10.150 biztanle), 14 egunetan metatutako intzidentzia 7.825 kasukoa da (EAEn intzidentziarik altuena duen udalerria da).
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.