Gizartea
Koronabirusa
40 urtetik gorakoen erdiek baino gehiagok jaso dute errefortzu dosia
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Haurren txertaketak ere (5-11 urte) langa hori (% 50a) gainditu berri du lehen dosiari dagokionez, Jaurlaritzak kaleratu duen txertaketa buletinaren arabera.
-
Osasun langile bat emakume bat txertatzen. Argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 40 urte baino gehiago duten herritarren % 51,6k covi-19aren kontrako dosi gehigarria jaso dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu duen txertaketa buletinaren arabera.
Azken egunetan lortu du EAEk errefortzu dosiaren langa hori (% 50) gainditzea, aurreko buletinean —ostegunekoan— ez zelako % 49ra iristen. Txertaketa pediatrikoaren ere lortu da marka bera, eta 5-11 urtekoen % 53,2k gutxienez dosi bat jaso dute. % 7 pasatxok pauta osoa du dagoeneko.
Guztira, 1.843.106 pertsonak jaso dute dosi bat, eta 1.820.980k pauta osoa dute. Ehunekotan jarrita, xede biztanleriaren % 93,2 eta % 92 dira. % 3,2k ez dute txertoa hartu kontraindikazioagatik edo uko egin diotelako.
Adin tarteka, 20-29 urtekoek dute inokulazio maila txikiena: % 83,2k du pauta osoa. Kontrara, babestutakoen ehuneko handiena 80-89 urtekoen artean dago (% 97,3).