Gizartea
KORONABIRUSA
Zortzi pertsona hil dira Nafarroan azken orduetan eta 1.385 positibo berri zenbatu dituzte
O. A. - A. S. | EITB Media
Ospitaleetako presioak gora egin du astebetean. Gaur egun, 266 gaixo daude covid-19agatik ospitaleratuta; horietako 37, ZIUetan. Duela astebete, 250 gaixo zeuden erietxetan; 31, ZIUetan.
-
Ospitaleetako presioak gora egin du Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE
Azken orduetan, zortzi pertsona hil dira covid-19az jota Nafarroan, otsailetik izan den heriotza kopururik altuena; hirugarren olatuan izan zen, eta koronabirusak bederatzi heriotza eragin zituen.
Ospitaleetan, berriz, 266 pertsona daude koronabirusagatik ospitaleratuta, eta ZIUetan daude horietako 37. Gora egin du apur bat presioak duela astebeteko datuekin alderatuta; izan ere, orduan, 250 gaixo zeuden covid-19agatik ospitaleratuta; 31, ZIUetan.
Igande honetan, guztira 2.135 proba egin dira eta 1.385ek eman dute positibo, Osasun Departamentuak emandako datuen arabera. Igoera txiki bat izan da, igandeko datuekin aldaratuta. Duela astebete, baina, 2.246 kutsatze hauteman zituzten.
Kutsatze gehien izan dituzten guneen buruan Sarriguren ageri dira, 59 kasurekin. Atzetik, hauek ageri dira positibo gehien zenbatu dituzten guneen zerrendan: Iruñeko II. Zabalgunea, 53 kasurekin, eta Tutera Ekialdea, 47 kasurekin.