Itxi

Gizartea

koronabirusa

Basurtuko ZIUan ospitaleratutako 16 pazienteetatik 13 ez daude txertatuta

i.l.k. | eitb media

Immunizatu gabeko gaixo larrien % 81az gain, gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen % 68ak ere ez du txertoa hartuta.

  • Basurtuko Ospitaleko ZIU. Artxiboko argazkia: EFE

    Basurtuko Ospitaleko ZIU. Artxiboko argazkia: EFE

Osakidetzak barne ohar baten bitartez igorritako datuen arabera, unean koronabirusagatik Basurtuko Ospitaleko ZIUan dauden 16 pazienteen artean 13 dira txertatuta ez daudenak. Zifra horrek txertatu gabekoen % 81 suposatzen du, ospitaleratutako kasu larrien artean.

Era berean, ospitaleratzeak hazi egin dira gela arruntetan aurreko asteari dagokionez baina, kasu honetan ere, txertatu gabeko pertsonen ehuneko handiarekin, % 68. Hala, unean, 101 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietako 69 ez daude covid-19aren aurka immunizatuta.

Ostegunean 1en azpitik jaitsi zen oinarrizko birsorkuntza-tasa, covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena. Urriaren 11tik ez zen jaisten, eta 1,63ra iritsi zen abenduaren 30ean.

14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du, urriaren erdialdetik lehen aldiz; hala ere, altua da oraindik, 100.000 biztanleko 6.936,7 kasukoa baita.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.