Gizartea
Gotzainen Biltzarra
Espainiako Elizak abusuak argitu "nahi" ditu, baina batzorde independente bat osatzeari uko egin dio
Agentziak | EiTB Media
Juan Jose Omella Gotzainen Biltzarreko kardenal presidenteak beste herrialde batzuen eredua jarraitzea baztertu du. Portugaleko Elizak abusuen ikerketa batzorde independente baten esku utzi du.
-
Gotzainen Biltzarra Vatikanoan. Argazkia: EFE
Juan Jose Omella Gotzainen Biltzarreko kardenal presidenteak abusuak argitzeko "nahia" azaldu du gaur, baina "oraingoz" batzorde independente bat osatzeari uko egin dio, prentsaurrekoan azaldu duenez, aita santuarekin Erroman bildu ondoren.
Omellak El Pais egunkariaren ikerketa hizpide izan du. Elizbarruti ezberdinetan 251 abusu kasu bildu ditu komunikabideak.
Bestalde, Antonio Cañizares Valentziako artzapezpikuak, oso haserre, egunkariari "daturik gabe salatzea" egotzi dio prentsaurrekoan.
"Elizbarruti guztiak erantzuten ari dira pixkanaka-pixkanaka. El Pais-i erantzun diote, datuak bidaltzeko eskatuz, kasu batzuetan daturik ez dagoelako. Apaiz edo elizgizon baten akusazioa baldin badago, nor den esan eta guk ikertuko dugu", adierazi du Omellak.
Nolanahi ere, beste herrialde batzuen eredua jarraitzea baztertu du Omellak. Portugaleko Elizak abusuen ikerketa batzorde independente baten esku utzi du. Elizbarruti bakoitzak salaketa aztertzearen estrategia defendatu du Omellak.
Zentzu horretan, batzordea erabiltzeko aukeraren inguruan, zera erantzun du kardenal presidenteak: "Oraingoz ez, dagoeneko tokian egonda, horretarako beharrik erakundeak biderkatzea ez du zentzurik".
"Portugalek egoki uste duena egiten du, Frantziak, Alemaniak edo Italiak bezalaxe. Gu Vatikanoarekin harremanetan gaude, haien protokoloekin, eta ongi iruditu zaie. Zailtasunen bat baldin badago, sortu ahala aztertuko dugu", azpimarratu du.
Bilboko Elizbarrutiak ikerketa zabaldu zuen zenbait adingaberi ustez egindako sexu abusu kasuak argitzeko. Abusuok 50. hamarkadatik 90. hamarkadara gertatu ei ziren bi ikastetxe, bi eliza eta erietxe batean.