Itxi

Gizartea

Donostia

Bost haur danborrada izango dira San Sebastian egun "berezian"

N. V. | EITB Media

Donostiako Udalak San Sebastian egunaren bueltako jarduerak aletu ditu gaur, ostiralarekin, kazetarien aurrean. 3.000 umek hartuko dute parte bost haur danborradatan, "neurri zorrotzekin eta ibilbide oso-oso mugatuan".

  • 2020ko danborrada. Argazkia: Efe.

    2020ko danborrada. Argazkia: Efe.

Donostiako Udalak San Sebastian egunaren inguruko jardueren berri eman du gaur, urtarrilak 14, udaletxean egindako prentsaurreko batean. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak esan duenez, San Sebastian eguna ezingo da "merezi duen moduan" ospatu, osasun egoera dela eta, baina hiriko egun handia gogoratzeko "hainbat elementu" izango dira.

Hain zuzen ere, lau jarduera zerrendatu ditu Insaustik: Udal Txistulari Taldearen Kontzertua, Herritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra banatzeko ekitaldia, Haur Danborrada eta herritarrei etxeko leiho-balkoietan hiriko bandera zabaltzeko deia.

Udal Txistulari Taldeak igandean (12:00) egingo du San Sebastian aurreko kontzertua; aurten, aforoa handitu ahal izateko, Antzoki Zaharrean, udaletxeko Udalbatza Aretoan barik. Gaur-biharretan, urtarrilak 14 eta 15, jaso ahalko dira gonbidapenak, Victoria Eugeniako leihatilan, eta igandean bertan, alerik balego, Antzoki Zaharrean.

1922ko urtarrilaren 20an, Isidro Ansorenak lehenengoz jo zuen txistua Donostian, eta aurtengo kontzertuan gogoan izango dute gertakari hura.

Haur Danborrada

EITB Mediak atzo aurreratu zuen bezala, 3.000 bat haurrek, ohikoen % 63k, hartuko dute parte, urtarrilaren 20an, 12:00etatik aurrera, Haur Danborradan. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, aurten "euren poza gure poza izango da, eta euren ilusioa guztion ilusioa", esan du Insausti zinegotziak.

Aire zabaleko kultur ekitaldietan ezin da 800 lagunetik gora pilatu, egun indarrean dagoen araudiaren ondorioz; beraz, bost gunetan beste horrenbeste danborrada izango dira, eta bakoitzak kilometro eta erdiko ibilbidea izango du desfilea egiteko, ohiko errepertorioaren doinuen pean.

Loiolako Erriberetan 600 haur batuko dira, Bidebietan 425, Gros eta Ulia inguruan 550, Antiguan 600 eta Erdialdean 790.

Urrezko Danborra

Herritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra banatzeko ekitaldiak batu egin dituzte aurten, eta urtarrilaren 19an izango da, Victoria Eugenian. Ekitaldi irekia izango da, eta gonbidapenak donostiakultura.eus webgunean eta Victoria Eugeniako leihatilan jaso ahalko dira.

Dominen irabazleak, Añorga Kirol Kultura Elkartea, Bidegin elkartea, Kresala Zinekluba, Zurriola Antzerki Eskola eta José María Leclercq historialaria, bertan izango dira, baina Esther Ferrer artista, Urrezko Danborraren irabazlea, ezingo da Donostiara bertaratu, medikuak hala aholkatuta.

Eneko Goia alkateak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak emango diote saria Parisko beraren etxean, igande honetan.

Bukatzeko, balkoi, leiho eta terrazetan hiriko bandera jartzeko gonbita egin du zinegotziak. Iaz, 10.000 bandera banatu ziren helburu horrekin, baina aurten ez da halakorik egingo.

Nolanahi den, hiria "txuri-urdin" janztera bultzatu dituzte herritarrak.

Hiriko bandera egon egongo da Konstituzio plazan, baina ez dute hori mastan jartzeko eta bertatik kentzeko inolako ekitaldirik egingo.