Itxi

Gizartea

Mobilizazioak

Lehen Arretako langileek Osakidetzari "utzikeria eta kudeaketa penagarria" leporatu dizkiote

Agentziak | EiTB Media

Lehen Arretako medikuek, erizainek eta administrazio beharginek elkarretaratzeak egin dituzte osasun zentroen aurrean, Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.

1:11
Osakidetzako protestak

Lehen Arretako langileek Osakidetzari "utzikeria" eta anbulatorioak "kolapsora" eraman dituen kudeaketa "penagarria" egotzi diote. Herritarrei "ia ezinezkoa" egin zaie arreta jasotzea, osasunaren "kaltetan", erantsi dutenez.

Lehen Arretako medikuek, erizainek eta administrazio beharginek elkarretaratzeak egin dituzte Deustu (Bilbo), Olagibel (Gasteiz) eta Ondarretako (Donostia) osasun zentroen aurrean, Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, egoeraren aurka protesta egiteko.

Donostiako anbulatorio aurrean egindako mobilizazioan, Pilar Garrido Podemos Ahal Duguko koordinatzaile nagusiak, Marivi Izagirre koalizio moreko batzarkideak, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramaileak eta Nerea Kortajarena koalizioko legebiltzarkideak parte hartu dute.

Beharginen bi ordezkarik adierazpen bat irakurri dute. Covid-19aren pandemia "baliabide falta" justifikatzeko "arrazoi bakarra ez" dela azpimarratu dute.

"Kudeaketa penagarria izaten ari da, eta gizartean duen eragina bistakoa da", gaineratu dute.

Elkarretaratzea Ondarretako anbulatrio aurrean, Donostian. Argazkia. EFE

Elkarretaratzea Ondarretako anbulatorio aurrean, Donostian. Argazkia. EFE

Paziente kronikoen jarraipena

Gabezien artean, paziente kronikoen jarraipena nabarmendu dute, "erabat okertu delako"; izan ere, "pandemian fokua jarrita, ezinbesteko arreta ukatu zaie, askotan ondorio penagarriekin".

"Kontsulta presentzialak alde batera utzi zituzten telefono bidezkoak, baina ezinezko misio bihurtu dira orain", esan dute. "Bajak kudeatzeko, tratamenduen jarraipena egiteko eta osasun beharrizanak egunero artatzeko orduan Lehen Arreta jitoan dago", salatu dute.

"Utzikeria honek ospitaleei eta beste osasun zentroei ere eragiten die", erantsi dute.

Osasun langileak Ondarretako anbulatorio aurrean, Donostian. Argazkia: EFE

Osasun langileak Ondarretako anbulatorio aurrean, Donostian. Argazkia: EFE

Ez dute greba baztertzen

Pilar Mendia Satse erizainen sindikatuko idazkariak adierazi duenez, urtarrilaren 23an EAEko hiri hiriburuetan egin beharreko manifestazioen ostean, mobilizazio gehiago egin ala ez aztertuko dute deitzaileek. Zentzu horretan, greba baztertzen ez dutela esan du.

Lehen Arreta "guztiz kolapsaturik" dago, ondorioz, pertsona batzuek pazientzia galtze dute, eta eraso "fisikoak" gertatu dira, deitoratu du Mendiak.

"Gotzone Sagardui sailburua etsita dago"

Lehen Arreta osasun sistemara "sartzeko atea izatera itzultzea", eskatu dio Mendiak Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, Osakidetzak "egiturazko arazoei konponbide" bat eman behar die, kontratazioa areagotzeaz gain.

Ondarretako elkarretaratzean parte hartu duen erizain batek salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "aspaldi Lehen Arreta desagertzea erabaki zuen, eta hau beste pauso bat da".

"Azkenean, Gotzone Sagardui sailburuak etsi du, eta kaos egoera da", azpimarratu du erizainak. Txertaketa bat aurrera eraman "eta azkenean, txertoa jaso ez dutenak bakarrik artatzea", kritikatu du.