Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak covid-19aren kontrako Pfizerren botika berria erosteko prozesua aurreratu du

Agentziak | EITB Media

Entsegu klinikoetan egiaztatu dutenez, Paxlovid izeneko antibiralak ia % 90ean murriztu ditu ospitaleratzeak eta heriotzak. Dena dela, Europako Sendagaien Agentziaren oniritziaren zain dago.

  • Gizon bat, Pfizerren iragarki baten aurretik igarotzen.

    Gizon bat, Pfizerren iragarki baten aurretik igarotzen. Argazkia: EFE

Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak iragarri duenez, Exekutiboak aurreratu egin du covid-19aren kontra Pfizerrek prestatutako botika berria erosteko prozesua. Urtebeteko epean 344.000 sendagai erostea da Osasun Ministerioaren asmoa.

"Oso albiste ona da, birusaren kontrako borrokan beste arma bat izango baitugu", azpimarratu du Dariasek. Ministroak azaldu du entsegu klinikoetan egiaztatu dutela Paxlovidek % 89 murrizten dituela ospitaleratzeak eta heriotzak (probak plazeboarekin alderatu dituzte, sintomak agertu eta hiru egunean).

Europako Sendagaien Agentziak (EMA) 2021eko azaroaren 19an ekin zion botika aztertzeari, eta datozen asteetan espero da oniritzia, ministroaren hitzetan.

Sendagai eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia arduratuko da farmakoa modu berdinzalean eta kontrolatuan banatzeaz.