Gizartea
KORONABIRUSA
Ospitaleen egoera are gehiago gaiztotu da Nafarroan, eta bi pertsona hil dira covid-19ak jota
O. A. - E. G. | EITB Media
266 pertsona daude erietxeratuta, 36 kritiko. Asteazkenean, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten; horietako bost, ZIUetan.
-
Osasun langile bat Nafarroako Ospitale Guneko ZIU batean. Argazkia: EFE
Omikron aldaerak eragindako gaixoek Nafarroako ospitaleetara iristen jarraitzen dute. Gaur-gaurkoz, 266 pertsona daude Osasunbideko erietxeetan, 36 larri, Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen datuen arabera. Atzo, 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten; horietako bost, ZIUetan. Horrez gain, beste bi pertsona hil dira covid-19ak jota. Astea hasi denetik 11 dira zendutakoak.
Asteazkenean, 2.674 positibo berri hauteman dituzte, 5.910 proba diagnostiko egin ostean. Egiten diren 10 probetatik ia bostek (% 45,2) positibo ematen dute. Kutsatzeek behera egin dute duela astebeteko datuekin alderatuta (3.384 positibo berri), baita duela 14 egun zenbatutakoekin alderatuta ere (3.693).
Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo aitortu zuenez, "nolabaiteko egonkortze bat" sumatzen ari dira, baina urtarrila eta otsaila "oso konplikatuak" izango direla ohartarazi zuen.
Kutsatu berri gehien izan dituzten udalerrien buruan, Tutera ageri da, 144 kasurekin. Iruñeko Arrotxapea auzoa dago bigarren zerrendan, 109 positiborekin. Gainerakoan, 85 kutsatu zenbatu dituzte Iruñeko II. Zabalgunean, eta 81, berriz, Sarrigurenen.