Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Samina da nagusi Tuteran eta hiru dolu-egun ezarri ditu Udalak Sara Pinaren hilketagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gainera, arratsaldeko 20:00etan Foruen Plazan egingo den bilkuran parte hartzeko deia egin die herritarrei.

2:05
Minuto de silencio en Tudela

Samina eta atsakabea dira nagusi egunotan Tuteran Sara Pinaren hilketa dela eta, Alejandro Toquero alkateak azaldu duenez. Halaber, indarkeria matxistaren aurka lan egiten jarraitzeko deia egin du, eta "egileak beranduegi izan baino lehen identifikatu eta inguratu beharra" azpimarratu du.

Hala, Tuterako Udalak adierazpen instituzionala onartu du azteazken honetan, Sara Pinaren senarra atxilotu eta biharamunean. Hiru eguneko dolu-eguna ezarri dute herrian eta gaur arratsaldean, 20:00etan, elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, Foruen plazan.

Emakumearen jaioterrian, Cortesen, ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo, eta han ere hiru dolu-egun ezarri dituzte. Bertako alkatea, Fernando Sierra, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da, eta Sara Pinaren gozotasun eta zuhurtzia azpimarratu ditu. Agertokira igotzen zenean benetako artista zela ere gaineratu du.

Hilketa matxista izan zela baieztatuz gero, 2022an bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako lehen emakumea izango litzateke, eta kopuru hori 1.126koa izango litzateke 2003an kasuak zenbatzen hasi zirenetik.