Gizartea
KORONABIRUSA
Dagoeneko 1.350 irakasle bajan daude EAEn covid-19a dela eta
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hezkuntza sailburuak bajen kopurua gizartean, oro har, bizi dugun proportzio berean gertatzen ari dela azaldu du.
-
Gabon ostean haurrak ikasgeletara itzuli dira. Artxiboko irudia: EITB Media
550 ordezpen gehiago izan dituzte atzotik gaurrera EAEko ikastetxeetan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, eta atzo eskolak hasteko egin ziren 800 ordezkapenei gehitu behar zaizkie. Dena dela ordezkapen oso mugikorrak eta motzak direla azaldu du, eta bajen kopurua "gizartean, oro har, bizi dugun proportzio berean" gertatzen ari dela gaineratu du.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, sailburuak azaldu du Euskadiko ikastetxek nola egingo dieten aurre datozen hilabeteei, azken asteotako kutsatzeen gorakadaren aurrean. "Eguberrietako oporren ondoren, poliki-poliki ari gara ikasturtearen ohiko erritmoa hartzen", azaldu du.
Testuinguru horretan, eskerrak eman dizkio hezkuntza komunitate osoari, batez ere irakasleei eta zuzendariei, "itzulera honetan erakusten ari diren ahaleginagatik eta konpromisoagatik", eta ziurtatu du ikastetxeak protokolo berria aplikatzeko prest daudela.
Agerraldien aurrean, berriz, esan du 3 positibo atzemanez gero agerralditzat hartuko dutela, baina horrek ez duela esan nahi gela itxiko denik. Sailburuak nabarmendu duenez, hortik aurrera zaintza taldeak erabakiko du zeintzuk izango diren hartu beharreko neurriak. "Gure nahia presentzialitatea bermatzea da", gogoratu du. Atzo aurreratu zutenez, hiru kasu baino gehiago atzeman arte ez legokela berrogeialdirik Euskadiko eskoletan.
Gabonen ostean ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuli dira, eta neurri zorrotzekin gainera. Maskara nahitaezkoa da, distantzia edozein dela ere, baita jolastokietan ere. Horrez gainera, burbuila-taldeak itzuli dira, eta protokolo berriak eskola-kirolari ere eragin dio; izan ere, intzidentzia handiko edo oso handiko egoeran entrenamenduak baino ez dira egingo.