Gizartea
Koronabirusa
Hiru pertsona hil dira Nafarroan covid-19ak jota, eta 27 erietxeratu behar izan dituzte, horietako sei ZIUn
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Guztira, 246 pertsona daude ospitalean, horietako 35 larri.
-
Nafarroako txertaketa gune bat. Argazkia: EITB Media
Izurriak Nafarroako ospitaleen egoera zailtzen jarraitzen du, eta astelehen honetan 27 pertsona erietxeratu behar izan dituzte, horietako sei ZIUetan. Hori horrela, denera, 246 pertsona daude ospitalean, horietako 35 larri. Horrez gain, beste hiru pertsona zendu dira koronabirusak eraginda, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
3.507 positibo berri atzeman dituzte Foru Erkidegoan, 7.113 proba diagnostiko egin ostean. Egindako proben ia erdiak (% 49,3) positibo eman du. Kutsatzeak duela astebete zenbatutakoetatik gora daude (3.136), baita duela 14 egun atzemandakoetatik ere.
Izurriak gehien kaltetutako udalerri edo osasun guneei dagokionez, Tutera da denen buru, 210 kasurekin. Ondoren daude Burlata (123), Sarriguren (110), eta Iruñeko Arrotxapea auzoa (100). Gainerakoan, Iruñeko Txantrea auzoan 97 positibo zenbatu dituzte; II. Zabalgunean, 92, eta Arrosadian, 90.
Egoera horren aurrean Foru Gobernuak erabaki du Gabonetan indarrean egon diren murrizketak luzatzea. Maria Chivite Nafarroako presidenteak onartu duenez, "egungo egoera ez da duela 15 egun genuena baino hobea".
Txertaketari dagokionez, astelehenean 4.951 dosi jarri ziren Nafarroan. Horrenbestez, 540.778 nafar daude pauta osoarekin.