Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Bi hildako, 25 ospitaleratu, horietako hiru ZIUn, eta 2.246 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan

Agentziak | EITB MEDIA

Positibotasun tasa % 59,6an kokatu da. Egun 250 pertsona daude Foru Erkidegoko ospitaleetan koronabirusarekin, horietako 31 ZIUn.

  • Ilarak Nafarroako anbulatorioetan.

    Ilarak Nafarroako anbulatorioetan. Argazkia: EFE.

Bi pertsona hil dira Nafarroan azken 24 orduetan covid-19ak jota, eta 25 ospitaleratu behar izan dituzte, horietatik hiru ZIUn. Gainera, 2.246 positibo berri zenbatu dituzte Foru Erkidegoan.

Larunbatean 2.021 positibo detektatu zituzten, 3.911 PCR proba eta antigeno proba eginda (% 51,7ko positibotasuna), eta bezperan, ostiralean 3.082 atzeman zituzten, 6.548 proba eginda (% 47,1 positibotasuna).

3.770 proba diagnostiko egin dituzte azken jardunaldian. Positibotasun tasa % 59,6an kokatu da, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

Egun 250 pertsona daude Foru Erkidegoko ospitaleetan koronabirusarekin, horietako 31 ZIUn.

Txertaketari dagokionez, azken orduetan 2.764 dosi eman dituzte. Guztira, 1.254.237 dira jadanik, eta 540.507 pertsonak bukatu dute txertaketa.

Iruñean 604 kasu erregistratu dituzte, bereziki Arrotxapea (86) eta II. Zabalgunea (71) auzoetan. Gainerako datuen artean, Tuteran erregistratutako 129 kutsatzeak dira gehien nabarmentzen direnak.

Ondorioz, Nafarroako Gobernuak gaur egun ez du "ezer" baztertzen covid-19ari aurre egiteko, Maria Chivite presidenteak adierazi duenez; izan ere, horren esanetan, "egungo goera ez da duela hamabost egun (ostiralera arte indarrean izan diren neurriak onartu zirenean) genuena baino hobea".

Nafarroako presidentearen esanetan, ospitaleetako egoera "zailagoa izaten hasi da". "Egun dugun kasu-maila altua eta intzidentzia handia izanda, azkenean ospitaleek nabaritu egiten dute, nahiz eta omikrona arinagoa dela dirudien, baina ospitaleetako presioak gora egiten jarraitzen du, bai gela arruntetan, bai ZIUetan", zehaztu du.

Ildo horretan, Chivitek azpimarratu du pandemiaren bilakaerari begira daudela, Gabonetako jaien ostean "kutsatzeen gailurra" noiz iritsiko den zain.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.