Gizartea
Elkarrizketa
Bildarratz: "800 ordezkapen egin ditugu, 2021eko urtarrilean halako lau"
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Hezkuntza sailburuak aitortu du birusaren transmisio altuak berez konplikatua den eskolara buelta "apur bat gehiago tentsionatu" duela. Era berean, 5-11 urtekoak txertatzeko deia egin die gurasoei.
-
Bildarratz, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, Gabonen osteko eskolara buelta bermatzeko 800 irakasle ordezkatu dituzte, 2021eko urtarrilean halako lau.
Bildarratzen hitzetan, Hezkuntza Sailak 170 milioi euroko aparteko aurrenkontua izan du, 1.000 bat kontrataziori eutsita pandemiaren kudeaketari aurre egiteko, baita materiala erosteko ere. "Beharrezkoa den esfortzua egingo du aurrez aurreko eskolei eusteko", nabarmendu du.
Bildarratzek Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa labur batean aitortu du izurriaren transmisio altuak berez konplikatua den eskolara buelta "apur bat gehiago tentsionatu" duela. Era berean, 5-11 urtekoak txertatzeko deia egin die gurasoei, koronabirusari aurre egiteko "oso lagungarria" dela iritzita. Horren adibide, datu bat eman du: abendura arte itxitako ikasgelen % 97 ez txertatuenak ziren, eta % 3 bakarrik ziren inokulatutakoena (12 urtetik gorakoena).
Ikasgeletan positiboak daudenean gela ixteko irizpidea zein izango den galdetuta, sailburuak esan du Osasun Sailak Zaintza eta Arakatze Sarearen bitartez zehaztuko duela nola egin.
Hezkuntza protokolo berria
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun sailak elkarlanean Hezkuntza protokoloa eguneratu dute, koronabirusak eragindako gaur-gaurko egoerara egokitzeko.
Ikasle batek sintomarik badu, etxean gelditu beharko du eta Euskadi.eus webguneko "nola jokatzen dut?" atalean dagoen formularioa bete beharko du. Webgunearen bitartez zailtasunak dituztenek osasun zentrora deitu ahalko dute.
Ikasgelan positiboren bat balego, gainerako ikasleek eskolara joaten jarraitu beharko dute, beti ere prebentzio neurriak beteta. Sintomarik ez dutenek ez dute etxean geratu beharko eta, berariaz adierazi ezean, ez zaie proba diagnostikorik egingo. Koronabirus kasu gehiago egonez gero eta egoera epidemiologikoaren arabera, aztarnariek erabakiko dute hezkuntza zentroan esku-hartzerik egin behar den ala ez.