Gizartea
Koronabirusa
Eskolara buelta EAEn, 5 eta 11 urte bitarteko adingabeen ia % 40 txertatuta daudelarik
I. G. | EITB MEDIA
6 urtetik gorako ikasle guztiek maskara erabili beharko dute, bai barrualdean, baita atsedenaldietan ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleak astelehen honetan itzuliko dira ikasgeletara, Gabonetako oporren ostean. Covid-19ari aurre egiteko protokolo berria izango dute, omikron aldaerak eragindako kasu positiboen kopuruak nabarmen egin baitu gora.
Hezkuntza Sailak aurrez aurreko itzuleraren aldeko apustua egin du, eta Gabonen aurretik indarrean zegoen jarduera-protokoloa eguneratu du, Euskadiko pandemiaren egungo egoerara egokitzeko.
Horrela, 6 urtetik gorako ikasle guztiek maskara erabili beharko dute, bai barrualdean, bai atsedenaldietan.
Gainera, burbuila-taldea ikasgela izango da berriro, eskolaz kanpoko klaseak bizikidetza egonkorreko taldeak bermatu badaitezke egingo dira, eta ez da eskola kiroleko lehiaketarik egongo gutxienez urtarrilaren 28ra arte. Entrenamenduak bakarrik mantenduko dira.
Bihar, astelehena, txertaketa datuak eguneratuko dituzte Euskadin. Joan den ostegunean ezagututako azken datuen arabera, 5 eta 11 urte bitarteko EAEko adingabeen ia % 40k (% 39,6k, hain zuzen ere) txertoaren dosi bat hartu du dagoeneko, eta kolektibo horren % 4,8k pauta osoa du.
12 eta 15 urte bitartean, immunizazio osoa % 92koa da, eta 16 eta 19 urte bitartean, berriz, % 90,7koa.
Ikastetxeetako positiboen kudeaketari dagokionez, joan den astean Osasun Publikoaren Batzordeak gela osoak berrogeialdia egitea gomendatu zuen zazpi eguneko epean bost covid kasu atzeman edo ikasleen % 20ri eraginez gero.
Euskadin oraindik ez dute zehaztu gomendio horri jarraituko dioten ala ez, eta Osasun Sailak datozen egunetan emango ditu xehetasunak. Oraingoz, ikastetxeei bidali zaien protokolo berrian, agerralditzat jotzen da ikastetxean lotura epidemiologikoa duten edo ikasgela batean foku ezagunik ez duten hiru kasu egotea.
Klasera itzulera Nafarroan
Nafarroak Osasun Publikorako Batzordeak ostiralean adostutako gomendioei jarraitzea erabaki du: berrogeialdian jarriko du gela osoa, 5 covid kasu atzematen badira edo ikasleen % 20ri eragiten badie, 7 eguneko epean edo laburragoan.
Gomendio horren arabera, 4 kasu atzeman edo ikasgela bateko ikaskideen % 20 baino gutxiago emanez gero positibo, kasu isolatutzat hartuko dituzte, eta horientzat ez dute berrogeialdirik gomendatuko.
Ipar Euskal Herrian astelehenean itzuli ziren ikasgeletara
Ipar Euskal Herrian urtarrilaren 3an hasi ziren Gabonetako oporren osteko klaseak. Covid-19 kasuek gora egin dute azken egunotan, eta, ondorioz, Frantziako Gobernuak kontaktuen bilaketa gogortu behar izan du. Bertan, ikasgelak ez dira itxiko hiru kasu atzemanez gero, baina ikasleek hiru test egin beharko dituzte lau eguneko tartean, bilakaera egiaztatzeko.
Gainera, maskarak derrigorrezkoak izango dira 6 urtetik aurrera, eta ez 11 urtetik aurrera, aurretik bezala.