Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe batzuetako haurrak ostiral honetan itzuli dira ikasgeletara

EITB Media

Hala ere, Hego Euskal Herriko haur gehienentzat astelehenean amaituko dira Gabonetako oporrak. Aurrez aurreko eskolak izango dituzte, baina osasun neurriak zorroztuta.

1:24
Haurrak eskolara joaten.

Gabonetako oporrak amaituta, lehen eskola eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait ikastetxetan. Hala ere, haur gehienak astelehenean itzuliko dira ikasgeletara. Nafarroan ere, astelehenean bueltatuko dira. Eskolak aurrez aurrekoak izango dira, baina osasun neurriak zorroztuta.

KONTSULTATU HEMEN: Hezkuntza protokolo berria

Oporren aurreko egoerarekin alderatuta, aldaketa nagusia da sei urtetik gorakoek maskara jantzi beharko dutela atzera jolastokian eta burbuila ikasgela izango dela berriro, ez ikasturtea. Gainera, eskola kiroleko lehiaketak bertan behera geldituko dira eta entrenamenduak soilik egingo dira. Hala ere, eskola kirolari buruzko eskumena foru aldundiena da.

Sukarra edo covid-19arekin bateragarria den beste sintomaren bat duen ikasleak etxean geratu beharko du, eta koronabirusean positibo emanez gero familiak jakinarazi beharko dio Osakidetzari, webguneko galdetegia beteta.

Itzulera honetan argitzeke dago ikasleren batek positibo emanez gero txertatu gabeko ikaskideek zenbat egunetako itxialdia egin beharko duten. Espainiako Osasun Publikorako Batzordeak gaur edo astelehenean jakinaraziko du koarentenaren inguruko ebazpena. Gomendioa emango du eta autonomia erkidegoek erabakiko dute.

Astearteko bileran hainbat autonomia erkidegotako Osasun kontseilarik eskatu zuten koarentena horiek malgutzeko. Gaur-gaurkoz, txertaketa pauta osoa ez duten eta ikaskide positibo baten hurbileko kontaktua diren haurrek zazpi eguneko berrogeialdia egin behar dute. Egungo protokoloaren arabera, positibo horrekin 15 minutu igaro dituzten guztiak izango dira kontaktu estuak.

Itxuraz, koarentena malgutzearen alde egingo du Osasun Publikorako Batzordeak. Gela osoak ez ixtea gomenda dezake, agerraldirik ez bada, eta 4 kasutik gora izan beharko dira agerralditzat hartzeko. Adituen gomendioari itxaron gabe, Madrilgo Erkidegoak eta Andaluziak ikasgela osoak ez ixteko erabakia hartu dute, aldebakarrez.

Koronabirusa tarteko, asko dira positibo eman dutelako edo kontaktu estu direlako oraingoz itzuli ezingo diren irakasle eta ikasleak.

Ipar Euskal Herrian dagoeneko amaitu dituzte Gabonetako oporrak, eta eskolara bueltan dira.