Gizartea
KORONABIRUSA
EAEko intzidentzia 6.000 kasutik gertu dago, baina R0ak beheranzko bidea hartu du
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
ZIUetako presioa apur bat samurtu azken buletinarekin alderatuta, eta 122 gaixo daude larri, astelehenean baino 10 gutxiago. Dena dela, gora egin du ospitaleetako gela arruntetan daudenen kopuruak: 631 dira orain.
-
Osasun langileak Basurtuko Ospitaleko ZIUan. Argazkia: EFE
Azken 14 egunetako intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hiru eguneko epean, 1.000 puntu baino gehiago hazi da —astelehenean 4.469 kasutan zegoen— eta 5.000ko langa gainditu du. Zehatz esanda, 5.761 kasukoa da 100.000 biztanleko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak buletin epidemiologikoa kaleratu du eguerdian, pandemiaren adierazle nagusien bilakaeraren berri emanda.
Azken buletinarekin alderatuta, ZIUen egoerak hobera egin du: 122 dira, astelehenean baino 10 gutxiago (baina duela astebete baino zazpi gehiago). Nolanahi ere, gora egin du ospitaleratutakoen kopuruak, 631 pertsona baitaude gela arruntetan (astelehenean baino 71 gehiago).
Are, Osakidetzako erietxeek lau egun daramatzate segidan eguneko 100 pertsona baino gehiago hartzen. Asteko goia asteartean harrapatu zuten, 132 ospitaleratze berrirekin.
Azken astean (abenduaren 30etik urtarrilaren 5era doana) 80.955 positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak, egunero, batez beste, 30.000 bat proba diagnostiko eginda —urtarrilaren 1ean, jaieguna izaki, egin ziren proba gutxien, 23.600 pasatxo—. Positibotasun tasa % 38an kokatu da asteazken honetan.
Izurriaren eragina 6.000 kasutik gertu dagoen honetan, pilatutako tasak hiru lurraldeetan egin du gora. Gipuzkoak jarraitzen du denen buru, 100.000 biztanleko 6.287 kasurekin. Tarte batera ageri dira (5761 kasu) eta Bizkaia (5600 puntu).
Adinari erreparatuta, gazteria gogor kolpatzen ari da covid-19a. 20-29 urtekoek dute intzidentzia tasa handiena, 10.000 kasutik gorakoa da 100.000 biztanleko. Adingabeen artean, 17 eta 18 urtekoen artean 9.518koa da intzidentzia. Ifrentzuan, 70-79 urtekoek eta 80-89 urtekoek dituzte tasa txikienak, 1.900 ingurukoak.
Bada beste albiste onik. R0 indizeak, positibo batek kutsatzen duen jende kopurua adierazten duenak, beherantz egiten jarraitzen du, eta 1,30ean kokatu da asteazkenean. Duela astebete 1,63koa zen. Lurralde guztietan jaitsi da, gainera: Araban 1,38koa da; Bizkaian, 1,35ekoa eta Gipuzkoan, 1,20koa. Aipatzekoa da, dena den, 1etik gora dagoela oraindik ere (epidemiologoek zenbaki horren azpitik egotea gomendatzen dute).