Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Ipar Euskal Herriko 12 urtetik gorakoek txertatuta egon beharko dute toki publikoetan sartzeko

Agentziak | EITB MEDIA

Frantziako Asanblea Nazionalak covid pasaportearen testuaren moldaketa onartu du eta aurki taberna, jatetxe eta garraiobide publikoetan sartzeko ez da

  • Bi gizon Baionako taberna batean.

    Txertatuta ez daudenek ezingo dute Ipar Euskal Herriko tabernetan sartu. Argazkia: EITB Media

Frantziako Asanblea  Nazionalak covid pasaportea txertaketa pasaporte bihurtzeko lege proiektua onartu du bart. Ondorioz, aurki Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko txertatu gabekoek ezingo dute taberna, jatetxe eta bestelako leku publikoetan sartu. Orain arte, inokulatuta egotea ez zen beharrezkoa tokiotara sartzeko, nahikoa zen proba negatibo bat aurkeztea.

214 aldeko boto, 93 kontra eta 27 abstentziorekin onartu dute lege proiektua. Ekimenak polemika sortu du, eta bide malkartsua izan du, aurrez birritan bertan behera utzi behar izan dutelako bozketa.

Asanbleak onartuta, Senatura pasatuko da orain testua, baina Asanbleak onartuko beharko du behin betikoa. Frantziako Gobernuak urtarrilaren 15erako indarrean nahi zuen, baina litekeena da apur bat atzeratzea.

Aldaketarekin, 12 urtetik gorakoek covid-19aren kontrako txertaketa pauta osoa dutela frogatu beharko dute aisialdiko ekitaldietara, jatetxeetara, azoketara eta garraiobide publikoetara sartzeko. Ospitaleetarako sarbidea izango da salbuespen bakarra: osasun zentroetara sartzeko test negatiboak balekoa izaten jarraituko du.

Eztabaida, birritan atzeratuta

Astelehenean, lege proiektuaren lehen eztabaidan, oposizioko diputatuek gehiengoaren ausentzia baliatu zuten bozketa bertan behera utzi eta eztabaida gauean zehar luzatzea saihesteko. Asteartean, Emmanuel Macron presidentearen adierazpenek hautsak harrotu zituen (txertoa jaso gabe zeudenak "izorratu" nahi zituela onartu zuen), eta eztabaida bigarrenez utzi zuten bertan behera. Atzo, asteazkenarekin, Jean Castex lehen ministroa igo zen tribunara, giroa lasaitzera.

Koronabirus kasuek eztanda egin dute Frantziako Estatuan. Asteartean 332.252 positibo berri zenbatu zituzten, eta oraindik ere bost milioi pertsona daude ziztatu gabe. Erietxeen egoera tenkatzen ari da, gainera: 20.688 gaixo daude gela arruntetan, (502 gehiago egun bakarrean) eta horietatik 3.695 ZIUetan daude, larri.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.