Itxi

Gizartea

Araudii berria

Indarrean da etxeko animaliak izaki bizidun gisa aitortzen dituen legea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aurrerantzean animaliak ez dira orain arte bezala "gauzak" izango. Gainera, derrigorrez, nortasun agiria izan beharko dute.

  • Indarrean da etxeko animaliak izaki bizidun gisa aitortzen dituen legea

    Indarrean da etxeko animaliak izaki bizidun gisa aitortzen dituen legea. Argazkia: EFE

Asteazken honetan sartu da indarrean animaliak sentikortasuna duten izaki bizidun gisa aitortzen dituen legea. Ondorioz, aurrerantzean animaliak ez dira orain arte bezala "gauzak" izango. Gainera, derrigorrez, nortasun agiria izan beharko dute.

Esan bezala, urtarrilaren 5ean sartu da indarrean abenduaren 15ean onartutako lege hori; Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera. Kode Zibila aldatuta, asmoa da animalien eta gizakien arteko bizikidetza harremanak arautzea.

Horrela, araudi berriak Hipoteken Legea eta Prozedura Zibilaren Legea aldatuko ditu, animalien erregimenari dagokionez. Beraz, ez dira "objektu" gisa hartuko, eta, horrenbestez, legez kontrakoa izango da etxeko animalien hipotekak enbargatzea.

Abenduaren 2an eztabaidatu zuten legea Diputatuen Kongresuan, PSOEk eta Unidas Podemosek aurkeztutako proposamenari erantzunez. Zenbait alderdik zuzenketak aurkeztu zituzten arren, azkenean VOX ez beste alderdi guztien babesa jasota onartu zuten proposamena. PP, berriz, abstenitu egin zen.

Aurrerantzean, beraz, banandutako bikoteen kasuetan adibidez, animaliak babestuta egongo dira, akordiorik lortzen ez duten bikoteen kasuan bereziki. Izan ere, auzitegietan hartuko dituzte animalien zaintzarekin lotutako erabakiak; hots, epaile batek erabakiko du animalia noren zaintzapean geratuko den.

Halaber, trafiko istripuetan nahitaezkoa izango da animaliak artatzea, eta debekatuta egongo da objektu material gisa "erabiltzea".