Gizartea
KORONABIRUSA
Emmanuel Macron: "Txertatu gabekoak izorratzeko gogoz nago"
AGENTZIAK | EITB Media
Frantziako egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean Macron presidenteak iragarri duenez, koronabirusaren aurka ez txertatzeko erabakia hartu dutenak presionatzen jarraituko du. Adierazpen horiek zalaparta handia eragin dute.
-
Emmanuel Macron. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen esanetan, ez ditu frantziarrak haserretu nahi, baina txertatu gabekoak izorratzeko gogoz dago.
Atzo Le Parisien egunkariari eskainitako elkarrizketan, tonu informala eta lagunarteko hizkera erabili zituen.
"Gutxiengo temati bat gelditzen da. Nola murriztu hori? Barkatu honela esateagatik, baina are gehiago izorratuz. Ni ez nago frantziarrak haserretzeko. Txertatu gabekoak izorratzeko gogoz nago. Eta izorratzen jarraituko dugu amaierara arte", adierazi zuen.
Frantziako presidenteak "emmerder" hitza erabili du hori adierazteko, hizkera arruntean izorratu edo amorrarazi esateko erabili ohi dena.
Gobernuburua derrigorrezko txertaketaren aurka agertu da, arrazoi praktikoak tarteko. "Ez ditut kartzelan sartuko, ez ditut indarrez txertatuko".
Macronen arabera, txertatu gabekoen bizitza soziala mugatzeko hartutako neurriei esker, frantziarren % 90ek txertoa hartu dute.
Txerto ziurtagiriari buruzko eztabaida betean iritsi dira Macronen adierazpenak. Izan ere, Frantziako Gobernua lege-proiektua prestatzen ari da, eta, horren arabera, covid ziurtagiria ez da nahikoa izango eta txerto ziurtagiria beharko da zenbait jarduera egin ahal izateko. Orain arte, txertatuta egon ezean proba negatibo bat nahikoa zen, baina aurrerantzean ez.
Macronen hitzek zalaparta handia eragin dute.