Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

EAEko herri guzti-guztiek gorrian jarraitzen dute eta intzidentzia 4.400dik gorakoa da

O.P. | EITB Media

Intzidentzia metatua 3.485 kasukoa da Araban, 4.245ekoa Bizkaian eta 5.130ekoa Gipuzkoan.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Kutsatzeek goraka jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.

Kutsatzeek nabarmen gora egiten jarraitzen dute erkidego osoan, eta 100.000 biztanleko 4.469 kasukoa da 14 eguneko intzidentzia EAEn. Duela astebete izandakoa (2285) halako bi da gaur.

Gaur gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute gaur, eta gorriz daude den-denak. 

Araban, intzidentzia 3.485 kasukoa da (2593 kasu ziren 30ean), eta are handiagoa da Gasteizen, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 3.585 kasukoa baita han (2668 kasu ziren, 30eko datuen arabera). 5.000 biztanletik gorako hiru udalerriei dagokienez, Agurainek 3.063ko intzidentzia du, Amurriok 2.885ekoa eta Laudiok 2.909 kasurekin. Baina badira azken egunotan kutsatze ugari izan dituzten herri gehiago ere, Dulantzi, Iruña Oka eta Oion, besteak beste. Arabak 7.612 kasu positibo zenbatu ditu astebetean.

Bizkaian, osteguneko 2813 kasuetatik gaur 100.000 biztanleko 4.245 kasura igo da intzidentzia metatua. Bilbok 4.541 kasuko intzidentzia metatua du (intzidentzia 3.168 kasukoa zen hilaren 30ean). Lekeition 6.600 kasu izan dira. Gainera, 5.000 kasu baino gehiago dituzten bost udalerri daude: Abadiño, Arrigorriaga, Bermeo, Gernika-Lumo eta Sopela. Bizkaiak 32.969 kutsatu baieztatu ditu astebetean.

Gipuzkoa da lurralde zigortuena, azken astean 26.299 kasu zenbatu dituzte eta intzidentzia metatua 5.130 kasukoa da gaur (ostegunean 3.298 ziren). Donostiak 100.000 biztanleko 4.806 kasuko intzidentzia metatu du (3.026 zen hilaren 30ean). Oñatin (11.500 biztanle), 14 egunetan metatutako intzidentzia 9.530 kasukoa da, azken zazpi egunetan 650 kasu baino gehiago zenbatu ostean. 5.000 biztanletik gorako EAEko udalerrien artean intzidentziarik altuena duen udalerria da.

Gainera, Aretxabaletak eta Azpeitiak 100.000 biztanleko 7.000 kasu baino gehiago izan dituzte 14 egunetan, eta hainbat udalerrik 6.000dik gorako intzidentzia dute: Arrasate, Azkoitia, Bergara, Eskoriatza, Tolosa eta Urretxu.

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.