Gizartea
Errege Magoen etorrera
Erregeen desfileei eutsiko diete Donostian eta Iruñean ere
O. P. | Eitb Media
Donostian Olentzeroren desfiletik "ikasitakoa" aplikatuko dute; ibilbidea luzatuko dute eta parte-hartzaile kopurua murriztu. Iruñean ez da aldaketarik izango.
Errege Magoen desfileari eutsiko dio Donostiako Udalak, pandemiari egokitzeko zenbait neurri hartuta. Ibilbidea kilometro bat baino gehiago luzatuko da, Boulevardetik Amarako Pio XII.aren plazaraino eta buelta. Halaber, bertaratzen diren guztiek nahitaez erabili beharko dute maskara, eta parte-hartzaileen kopurua ehunera murriztuko da. Gainera, ez da gozokirik jaurtiko, banatu baizik.
10:30ean iritsiko dira Aieteko Jauregira, eta auto klasiko batean zeharkatuko dituzte Donostiako kaleak, jendea agurtzeko, "segurtasun neurri guztiekin". 15:30ean, gutunak bilduko dituzte Udaletxeko plazan, 18:00ak arte, eta 18:30ean abiatuko da desfilea.
Iruñean, Errege Magoen Kabalgata Elkarteak erabaki du urtarrilaren 5ean ohiko desfilea egitea, aurreikusitako ekitaldi guztiekin; herritarrek "askatasunez" erabakiko dute desfilera joan ala etxean telebista bidez ikusi nahi duten. Elkarteak azaldu duenez, hainbat txosten irakurri eta hainbat aditurekin hitz egin ostean hartu dute erabaki hori, "aire libreko" ekintza bat delako. Arduraz jokatu eta osasun neurriak errespetatzeko eskatu dute, horiek beteta "haurrei beharrezko duten ilusioa" itzuli ahal izango zaielako.
Hori bai, parte-hartzaileak ez dira, ohi bezala, 1.000 inguru izango, 400 baizik, eta Iruñeko desfilea normalean baino laburragoa izango da.
Bilboko Udalak eta Gasteizkoak aurretik iragarrita zuten Errege Magoak hartuko dituztela, baina osasun egoerara egokituta.