Itxi

Gizartea

koronabirusa

Nafarroak kasuen beherakadarekin hasi du urtea, 1.500 positiboen azpitik

agentziak | eitb media

Larunbat honetan 1.489 positibo hauteman dituzte Foru Erkidegoan, 2021eko azken eguneko 3.350 kasuen aldean. Une honetan, 160 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.

  • Iruñeako Udal Plaza. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.

    Iruñeako Udal Plaza. EITB Mediaren bideo batetik ateratako argazkia.

Nafarroan covid-19 kasuen beherakadarekin hasi da 2022, Foru Erkidegoak 1.500 positibo baino gutxiago zenbatu dituelarik.

Behin-behinekoak dira zifrak baina, Gobernuak adierazi duenez, urteko lehen larunbatean 1.489 kutsatu gehiago zeuden Foru Erkidegoan, 2021eko azken eguneko 3.350 kasuak baino gutxiago.

Datuok eguneratzeke egon daitezke oraindik, abenduaren 29an eta 30ean gertatu bezala. Positiboak 3.693 kasutik 4.476ra igaro ziren asteazkenean, eta 3.791etik 4.413ra, ostegunean.

Urtarrilaren 1ean hautemandako kutsaketen artean, 73 Iruñeako Arrotxapea auzoan izan dira, eta 40 Txantrean eta San Juanen. Bestalde, 59 kasu izan dira Tuteran, 53 Lizarran, 51 positibo Sarriguren eta Burlatan, eta 45, Tafallan.

Urriaren 8az geroztik, 50.047 positibo zenbatu dituzte guztira, baina seigarren olatua aurrekoek baino ospitaleratze eta hildako gutxiago eragiten ari da.

Gaur egun, 160 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.