Gizartea
KORONABIRUSA
3.600 positiboren langa gainditu du Nafarroak, lehen aldiz
Onintza Aiestaran | EITB Media
Kutsatze gehien izan dituzten eremuei dagokienez, Iruñeko Arrotxapea auzoa da kaltetuena, 144 kasurekin. Ondoren, Iruñeko II. zabalgunea (138) eta Tafalla (110) daude.
-
Jende ilara luzea Iruñeko osasun etxe batean aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Koronabirus kasuek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan, eta 3.693 positibo berri erregistratu dira asteazken honetan 9.606 proba diagnostiko egin ostean ( % 38,4ko positibotasuna). Gainera, hildako bat gehiago izan zen.
Foru Gobernuaren datuen arabera, kopuru hori asteartekoa (3.378 kutsatze) baino handiagoa da, ordura arte pandemia osoan atzemandako kopururik handiena zena.
Kutsatze gehien izan dituzten eremuei dagokienez, Iruñeko Arrotxapea auzoa da kaltetuena, 144 kasurekin. Ondoren, Iruñeko II. zabalgunea (138) eta Tafalla (110) daude.
Kutsatze kopuru handiarekin batera 23 ospitaleratu berri daude, beraz, 159 gaixo daude ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn daudelarik.
Txertaketari dagokionez, atzo 4.409 dosi jarri ziren, eta guztira 1.225.807 dosi jarri dira. Hortaz, dagoeneko 537.868 pertsona daude pauta osoarekin.