Gizartea
Koronabirusa
Bingen Zupiria, Bakartxo Tejeria eta Carlos Iturgaiz covid-19arekin kutsatuta daude
Agentziak | EiTB Media
Guztiak onik daude, sintomatologia arinarekin eta etxean konfinatuta, koronabirusaren diagnostiko-testetan positibo eman ondoren.
-
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak positibo eman du koronabirus proban, baina ondo dago, sintoma arinekin.
Saileko iturriek baieztatu dutenez, astearte gauean baieztatu diote positiboa.
Sailburuak bertan behera utzi ditu datozen egunetako bilerak eta ostegun honetan egitekoa zen irratiko elkarrizketa bat.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ere positibo eman du covid-19an, baina ondo dago, sintomatologia arinarekin, eta etxean konfinatuta dago.
Tejeriak test bat egin du astearte honetan, kutsatuta egon zitekeelakoan, Eusko Legebiltzarreko iturriek Eferi azaldu diotenez.
Eusko Legebiltzarra oporraldian dago eta datorren urtarrilaren 10era arte Tejeriak ez du bilerarik aurreikusita, kasu honetan Legebiltzarreko Mahaiarena.
Bestalde, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak sare sozialen bidez jakitera eman duenez, testa egin ondoren positibo eman du covid-19an, "oso sintoma gutxirekin".
"Orain, protokoloari jarraituz, egun batzuetan isolatzea tokatzen zait", azaldu du. Halaber, herritar guztiak "neurri guztiak hartzera eta zorroztera" animatu ditu. "Kontuz ibili", esan du.