Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Gipuzkoak lurralde zigortuena izaten jarraitzen du, Oñati, Villabona eta Legazpi buru dituela

ANE SANTESTEBAN | EITB Media

Gainera, Aretxabaletan, Arrasaten, Eskoriatzan, Orion, Tolosan eta Urretxun intzidentzia 3.000 kasuren bueltan dago. Agurainek muga horretatik jaistea lortu du.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Kutsatzeek goraka jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Bizkaiak jarraitzen du intzidentzia-tasarik txikiena izaten, baina dagoeneko 1.000 kasuren langa gainditu du (1.257 kasu 100.000 biztanleko). Araban 1.500 kasuren bueltan dago intzidentzia eta Gipuzkoan 2.000tik gertu (1.824 kasu).

Oñati da nabarmentzeko, intzidentzia 4000 kasuren gainetik baitago (4.429 kasu 100.000 biztanleko). Villabona ere 3.000tik gora dago eta Legazpi kopuru horretara iristeko zorian, 2.937 kasurekin. Araban eta Bizkaian ez dago 2.000 kasuko intzidentziaren gainetik dagoen udalerririk.

Arabak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentziak 100.000 biztanleko 1.500 kasuak gainditu ditu dagoeneko Gasteizen. Laudion eta Amurrion ere 1.000tik gora dagointzidentzia, eta Agurainek 2.00. kasuko intzidentziatik jaistea lortu du. Transmisio handiko 49 udalerri daude udalerri horietan.

Bizkaian ere gora egin du intzidentziak, baina hiruretan txikiena duen lurraldea da. Astelehenean zituen 100.000 biztanleko 894 kasuetatik 1.257ra igo da, eta herri guztiak, handiak zein txikiak, gorriz daude, Munitibar izan ezik. Bilbok 1.000 kasuren muga gainditu du dagoeneko, eta Durango, Elorrio eta Lekeitio dira kutsatze gehien dituzten Bizkaiko udalerriak.

Gipuzkoak jarraitzen du lurralde zigortuena izaten; izan ere, 100.000 biztanleko intzidentzia 1.824koa da. 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu kritikoan jarraitzen dute. Bederatzi herrik gainditu dute, gainera, 2.500 kasuko muga, eta Villabonak eta Oñatik 3.000koa.

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.