Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Eneko Goia: "Gehiago kezkatzen naute Urte Zaharreko zenbait gauzek, Olentzeroren desfileak baino"

O.P. | Eitb Media

Donostiako alkatea kezkatuta agertu da pandemiaren eboluzioagatik eta Gabon garaiko ospakizunek, kotiloiak, esaterako, ekar ditzaketen ondorioengatik, legezkoak izan arren, "arriskutsuak" direlako. Gaur-gaurko, "zaila" ikusten du Danborrada egin ahal izatea.

0:37
Eneko Goia

Eneko Goia Donostiako alkateak bihar hirian egingo den Olentzeroren desfilea defendatu du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Bilbokoa bertan behera utzi bada ere. Bere ustez, "neurrigabeko debatea sortu da desfileen inguruan", izan ere, uste duenez, hiru hiriburuak elkarren artean oso desberdinak dira eta 350.000 biztanle dituen Bilbo bezalako hiri bateko desfileak "ez du zerikusirik Donostiako edo Gasteizko desfileekin". 

Alkateak gaineratu duenez, kezka gehiago eragiten diote "Urte Zahar gaueko zenbait gauzek, Olentzeroren desfileak baino" eta azpimarratu duenez, "San Tomas bertan behera utzi genuen egoera ez delako halako ospakizunekin bateragarria, eta Urte Zaharreko ospakizunak San Tomas bezain arriskutsuak dira". 

Goiak onartu du kotiloiak, egin, egingo direla Donostian, "legeak ezartzen duen esparruan" baimenduta dauden heinean, baina, legezko izanagatik "ez dira arrisku gabeak" bere ustez. "Zintzoki esanda, nire semeari edo ilobari etxean geratzeko esango nioke", adierazi du, eta ziurtatu du, gomendioei jarraituz, bere etxeko ospakizunetan "aurreko urteetan baino jende gutxiago" bilduko direla. 

Urtarrilean Danborradarik izango ote den galdetuta, onartu du "zaila" dela ospatu ahal izatea, "ez dut ukatuko, bistakoa da". Adierazi duenez, "ikusiko dugu zer gertatzen den Gabon jaiekin eta gero izango dugu (Danborradaren inguruko) erantzun zehatzagoa".