Gizartea
Koronabirusa
Pertsona bat hil da koronabirusagatik Nafarroan, 1.611 kasurekin marka hautsi den egune
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Lizarrak eta Iruñeko II. Zabalguneak 58na kasu zenbatu dituzte. Barañainen 48 kutsatze izan dira; Tuteran, 46 eta Leitzan, 45.
-
Nafarroako Ospitaleguneko ZIU bat. Argazkia: EFE
Eguna joan eguna etorri, bezperako marka hausten dabil Nafarroa birusaren transmisioaren harira. Asteartean 1.000 kasuko langa gainditu bazen, asteazken honetan 1.500ekoa pasatu du. Foru erkidegoak 1.611 covid-19 kasu berri erregistratu zituen asteazken honetan 7.041 proba egin ostean, hau da, positibotasun tasa % 22,9koa izan da, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.
Duela astebete halako bi baino gehiago dira (650 positibo izan ziren) eta duela 14 egun zenbatutakoen hirukoitza baino gehiago dira.
Azken orduotan pertsona bat hil da covid-19ak jota eta 19 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat ZIUn. Horrela, 144 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn.
Zenbaki puztuak izan dituzte Nafarroako udalerri askotan. Zerrendaren goialdean daude Lizarra eta Iruñeko II. Zabalgunea, 58na kasurekin. Barañainen 48 kutsatze atzeman dituzte; Tuteran, 46 eta Leitzan, 45. 40eko langatik gora daude Mutilva (43), Iruñeko Donibane auzoa (42) eta Burlata (41) ere.