Gizartea
Koronabirusa
Bihartik aurrera kanpoaldean maskararen erabilera nahitaezkoa izango dela iragarri du Sanchezek
Agentziak | EITB MEDIA
Neurria gaur bertan onartuko dute ezohiko Ministroen Kontseiluan eta ostiralean, abenduak 24, sartuko da indarrean.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak kanpoaldean maskararen erabilera nahitaezkoa izango dela iragarri du Presidenteen Konferentzian.
Ezustekorik ezean, Ministroen Kontseiluak gaur egingo duen ezohiko bileran onartuko da neurria eta ostiralean sartuko da indarrean.
Gauzak hala, abenduaren 24tik, eta kontrakorik esaten ez den bitartean, maskara jantzita eraman beharko da aire zabalean; Sanchezek esan duenez, dena den, aldeko baldintzak egon bezain pronto altxatuko litzateke neurria.
Edonola ere, ez da beharrezko izango musukoa jantzita eramatea naturguneetan, kirola egiterakoan edo gaur jakinaraziko dituzten salbuetsitako beste egoera batzuetan.
Kanpoaldean musukoaren erabilera derrigortzeko eskaera egina zuten aurrez hainbat erkidegoetako presidenteek, tartean Iñigo Urkullu lehendakariak.
Neurri eta helburu berriak
Gainera, Sanchezek neurri sorta iragarri du, besteak beste, Armadak txertaketan laguntzea, eta Osasun Sare Militarra ospitaleen esku jartzea.
Era berean, txertaketa prozesua areagotzea eta azkartzea nahi du.
Zentzu horretan, Sanchezek helburuak finkatu ditu:
- 60-69 adin tartean, biztanleriaren % 80k hirugarren dosia jasotzea urtea bukatu baino lehen.
- 50-59 adin tarteko herritarren % 80 txertatua egotea urtarrilaren 24ko astean.
- 40-49 adin tarteko biztanleen % 80 martxoko lehen astean.
- 5-11 urteko umeen % 70ek lehen dosi pediatrikoa otsailaren 7ko asterako jasotzea.
- Haurren % 70ek bigarren dosi pediatrikoa hartzea apirilaren 19ko asterako.
Bestalde, erretiroa hartu duten osasun beharginen eta EBtik kanpo espezialista titulua lortu duten profesionalen kontratazioa iragarri du Espainiako gobernuburuak.
Beste erabaki bat Lehen Mailako Arretaren eta arreta komunitarioaren arloko ekintza-plan bat da, osasun-arloko profesionalen kopurua handitzea eta haien lan-baldintzak hobetzea barne hartzen duena, behin-behinekotasuna % 8tik behera murriztuz.
Estatuko Aurrekontuek 292 milioi euro bideratuko dituzte plan horretara, gehienak erkidegoei transferitutakoak.
Antigeno-testei dagokienez, aldi baterako baimenak emango dira erabilera profesionaleko test jakin batzuk farmazietan saldu ahal izateko, herritar guztien eskura egon daitezen, Carolina Darias Osasun ministroak gaur goizean iragarri duenez.
Gaurko Ministroen ezohiko Kontseilua, hasiera batean, urteko azken-aurrekoa izango da. Azkena abenduaren 28an izango da, asteartean, eta bertan lan-erreforma onartzea aurreikusten da, eragile sozialen artean itun bat lortzea posible izan bada.
Hala ere, ez dute baztertzen abenduaren 31 baino lehen beste ezohiko kontseilu bat deitzea, astearterako posible izan ez balitz.