Itxi

Gizartea

Nafarroako Parlamentua

Haur lapurtuen kasuak ikertzeko batzorde bat eratuko dute Nafarroan

Erredakzioa

Ikerketa batzordearen eraketa Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak berretsi beharko du.

  • Ikerketa batzorde bat eratuko du Nafarroak

    Ikerketa batzorde bat eratuko du Nafarroak

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak (UPN, PSN, Bildu, Nafarroa Bai, PP eta Izquierda-Ezkerra) aho batez onartu dute lapurtutako haurren eta adopzio irregularren kasuak ikertzeko batzorde bat eratzea.

UPNk batzorde berezi bat sortzea proposatu du ikerketa batzordea beharrean, baina azkenean bigarren aukera hautatu dute azken honek "inplikazio gehiago" hartzen dituelako bere gain.

Erabakia Nafarroako Parlamentuko plenoak berretsi beharko du, baina seguruenik ontzat emango du alderdi guztien babesa du eta.

Ana Beltran PPko bozeramaileak uste du "oso garrantzitsua" dela gertatutako argitzea eta egia ezagutzea, Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko ordezkariak esan duen bezalaxe. Gainera, Nafarroako Fiskaltzak ere ikerketa bat iragarri duela gogoratu du.

Bilduren aldetik, Bakartxo Ruizek egia osoa argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko esan du.

María Victoria Arraiza PSN-PSOEko ordezkariak batzarraren "aukera eta egokitasuna" nabarmendu du.

Bestetik, Carlos Garcia Adanero UPNko ordezkariak esan du bere alderdiak ikerketa batzordea babesten duela, baina Fiskaltzaren lanean "oztoporik" ez jartzeko, batzorde berezia sortzea proposatu dutela gaineratu du. Hala ere, hori "gutxienekoa" dela aipatu du, asmoa kaltetutako lagunei laguntzea baita.