Gizartea
Presidenteen Biltzarra
Kataluniako murrizketak Estatuko erkidego guztietara zabaltzea eskatuko du Aragonesek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Generalitateak etxeratze-agindua ezarri, gaueko aisialdiaren itxi eta bilerak eta edukierak mugatu nahi ditu. Eusko Jaurlaritza Estatu osoan neurri berberak hartzearen alde agertu da. Erkidegoetako presidenteak asteazken honetan (16:30) batzartuko dira.
-
Pere Aragones Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Espainiako autonomia erkidegoetako gobernuburuak asteazken honetan bilduko dira Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin koronabirusaren hedapena gelditzeko balizko neurriak aztertzeko asmoz.
Pere Aragones Generalitateko presidenteak dagoeneko aurreratu du Katalunian ezarriko dituzten murrizketak Estatuko gainerako erkidegoetara zabaltzea eskatuko dutela bilera horretan.
Kataluniako Gobernuak etxeratze-agindua ezarri nahi du intzidentzia-tasa handia duten 10.000 biztanletik gorako udalerrietan eta horretarako babesa eskatuko dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari.
Halaber, ondoko mugak aplikatuko ditu: taldean gehienez 10 pertsona biltzea, gaueko aisialdia ixtea eta ostalaritzan eta dendetan edukiera murriztea.
"Datozen egunetan jende asko mugituko da lurralde batetik bestera. Katalunian hartuko ditugun neurriak ezinbestekoak dira, baina eraginkortasun gehiago izan dezaten, beste erkidego batzuetan ere ezarri beharko lirateke", adierazi du Aragonesek.
"Ez dugu eskatzen alarma-egoera berriz ezartzea. Aitzitik, Espainiako Gobernuak neurri egokiak planteatu behar ditu pandemiari aurre egiteko", erantsi du.
Musukoaren erabilera kalean derrigortzeko aukerari buruz galdetuta, Aragonesek esan du ez litzatekeela aurka agertuko, baina ohartarazi du horrekin ez direla kutsatzeak amaituko: "Neurri hori onartu nahi badute, aurrera. Baina neurri askoz zorrotzagoak behar ditugu".
Eusko Jaurlaritza ere Estatu osoan neurri berdinak ezartzearen alde
Kataluniako Gobernuaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak ere uste du osasun larrialdi honetan premiazkoa dela Estatu osoan neurri amankomunak hartzea eta proposamen hori jarriko du mahai gainean Iñigo Urkullu lehendakariak.
Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan murrizketa gehiago ezarri aurretik, Estatu mailako neurriak adostu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.
Zupiriak deitoratu du hainbat murrizketa ezartzeko berme juridikorik ez dagoela eta gogora ekarri du auzitegiek ebazpen ezberdinak eman dituztela neurri berdinen aurrean.
"Joan den urteko Gabonetako egoera beretsuan gaude eta lehendakariak uste du beharrezkoa dela neurri komunak ezartzea, adibidez, mugikortasunari dagokionez; izan ere, herritarrak lurralde batetik bestera mugatu gaitezke eta, beraz, erkidegoetan neurriak berdinak izan beharko lirateke", berretsi du.
Espainiako Gobernuak adostasuna bilatuko du
Bien bitartean, Espainiako Gobernuak ez du argitu erkidegoetako presidenteen batzarrera proposamen zehatzik eramango duen ala ez. Isabel Rodriguez bozeramaile sozialistak esan du "entzutera" eta "gutxieneko adostasunak" bilatzeko asmoarekin joango direla bilerara.
Horrez gain, gogora ekarri du gobernu autonomikoek badituztela eskumenak pandemiaren aurrean erabakia eta neurri ezberdinak hartzeko.