Gizartea
ZALDIBAR
Verter Recyclingeko arduradunek epailearen aurrean deklaratzeari uko egin diote
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jose Ignacio Barinagari ingurumenaren eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatzen diote. Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Kartak eta Zaldibar Argitu Plataformak deituta, kontzentrazioa egin dute epaitegiaren aurrean, zabortegiko luiziaren erantzukizunak argitzea eskatzeko.
Verter Recicling enpresako arduradun nagusiek, tartean enpresaren jabeak, Jose Ignacio Barinagak eta Juan Etxebarria ingeniariak, Zaldibarko zabortegian gertatu zen luiziaren harira deklaratu behar zuten gaur goizean Durangoko epaitegian, baina ez deklaratzeko eskubidea baliatu dute eta ez dute inolako azalpenik eman.
Zaldibarko zabortegian izandako hondamendian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil ziren, baina Durangoko epaitegiari gertakari hark ingurumenean izan zuen kaltea argitzea dagokio. Barinagari ingurumenaren eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatzen diote.
Gaurko saioan Arrate Bilbao Verter Recyclingeko kudeatzaileak ere deklaratu behar zuen, baina ez da epaitegira joan, covid-19arne proban positibo eman duela eta etxean konfinatuta dagoelako.
Ekologistak Martxanek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak osatzen dute herri-akusazioa auzi honetan.
Carlos Alonso abokatuak kazetarien aurrean azpimarratu du prozesu judiziala oraindik ikerketa fasean dagoela, Zaldibarko zabortegiko luizia geratu zenetik ia bi urte igaro badira ere. Ezbeharra 2020ko otsailaren 6an jazo zen.
Berak jakinarazi du Barinagak eta Etxeberriak ez deklaratzeko aukera erabili dutela eta Bilbao beste egun batean deituko dutela epailearen aurrean.
Horrez gain, Alonsok iragarri du orain arte bildu duten informazio guztiarekin, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren ingurumen unitate bereziko adituei txosten bat egin dezatela eskatu dietela. Halaber, epaitegiko aditu batek beste ikerketa bat egingo duela erantsi du.
Zabortegiari buruko ikerketak aurrera jarraituko duela eta beste hainbat kontu aztertuko dituztela adierazi du, tartean bi langileen gorpuak bilatzeko eta ondoren medi-magala egonkortzeko egin ziren lanei buruzkoa.
Instrukzio fasea urtarrilean amaitu behar zen, baina Fiskaltzak eta herri-akusazioak epea luzatzea eskatu dute, kasua oso konplexua dela eta.
Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko eskatuz Durangoko epaitegiaren aurrean egindako protesta. EFE
Epaiketa hasi baino minutu batzuk lehenago, Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Kartak eta Zaldibar Argitu Plataformak deituta, kontzentrazioa egin dute Epaitegiaren aurrean, zabortegiko luiziaren erantzukizunak argitzea eskatzeko.
Gaizka Zabarte Zaldibarko Argitu elkarteko ordezkariak adierazi duenez, prozedura judizialean enpresa jabearen arduradunek ez ezik, euskal erakundeen arduradunek ere egon beharko lukete, "haien jarduna ahalbidetuko lukeen lege-esparrurik gabe ez litzatekeelako luizia gertatuko".
Zaldibarko zabortegiko hiru arduradunak, Fiskaltza eta biktimen familiek akordioa egin zuten pasaden irailean. Sei hilabeteko kartzela zigorra onartuko zuten hiru akusatuek, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen segurtasunaren kontrako delituengatik. Bi aldeek kartzela zigorra ez betetzea adostu zuten, baita familiei ordaindu beharreko kalte-ordainaren zenbatekoa ere.