Gizartea
Koronabirusa
Urkullu: "Premiazkoa da kanpoaldean maskara derrigorrezko egitea eta neurri prebentibo komunak hartzea"
Agentziak | EITB Media
Lehendakariak eskertu egin du Pedro Sanchezek Presidenteen Konferentziaren bilera aurreratu izana. Horren ustez, "ez da positiboa erabaki eta erantzun aniztasuna".
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, covid-19aren enegarren olatu honi aurre egiteko "premiazkoa" da kanpoaldean musukoa derrigorrezko egitea, neurri prebentibo komunak hartzea, eta horiek indarrean jartzeko berme juridikoa edukitzea.
Asteazkenean egitekoa den Presidenteen Konferentziaren harira, dei egin du "diagnostiko partekatua egitea eta neurri komunak adostea, ez delako positiboa erabaki era erantzun aniztasuna". Lehendakariak eskertu egin du Pedro Sanchezek Presidenteen Konferentziaren bilera aurreratu izana.
El Correo egunkariak antolatutako Aurreikuspen Ekonomikoen Foroan izan da lehendakaria, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hitzaldian izurriari aurre egiteko bere estrategia azaldu du Urkulluk. Bost ardatz ditu, zehaztu duenez. Aurrena, txertaketa; bigarrenik, covid ziurtagiria ahalik eta gehien zabaltzea, eta hirugarrenik, kasuak atzemateko probak egiteko eta arakatzeko sistema indartzea.
Laugarren eta bosgarren ardatzak honakoak lirateke: "Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean estrategia bera" adostea, eta ildo horretan, "maskara derrigorrezko egitea berriro aire zabalean, prebentzioko neurri komunak adostea eta horiek indarrean jartzeko berme juridikoak edukitzea".
"Ezinbestekoa da prebentziozko irizpidea ezartzea: maskara, distantzia, eskuak garbitzea, aireztatzea eta pilaketak saihestea. Denon erantzukidetasuna eta konpromisoa behar ditugu", nabarmendu du.
Lehendakariaren aburuz "seigarren olatu hau ere gaindituko dugu, baina horretarako eskura ditugun tresnak, koordinatzioa eta unean uneko egoerari moldatzeko estaldura juridikoa hobetu behar ditugu".
Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Valentzia eta Galiziako presidenteek ere musukoa kanpoaldean berriz derrigortzeko beharra planteatuko diote Espainiako gobernuburuari.