Itxi

Gizartea

gabonetako loteria

Loteriaren inguruko iruzurrak saihesteko hamar aholku

eitb media

Eskumena duten tokietan bakarrik erostea, balizko sariei buruzko deiez eta mezuez ez fidatzea edo dezimoen egiazkotasuna frogatzea dira iruzurrak ekiditeko gomendioetako batzuk.

  • Loteria toki eskudunetan bakarrik erostea gomendatu du Polizia Nazionalak. Artxiboko argazkia: EFE

    Loteria toki eskudunetan bakarrik erostea gomendatu du Polizia Nazionalak. Artxiboko argazkia: EFE

Gabonetako Loteriaren zozketa berezia dela eta, Polizia Nazionalak ohartarazi du loteriaren salmenta masiboarekin batera, iruzurrak gertatzeko aukera ere areagotu dela. Poliziaren arabera, ohikoak dira iruzurrezko salmenta, billete partekatuak kobratzeko garaian arazoak, identitate-ordezpenak eta sari faltsuak.

Besteak beste, eskumena duten tokietan bakarrik erostea, balizko sariei buruzko deiez eta mezuez ez fidatzea edo dezimoen egiazkotasuna frogatzea gomendatu dute Poliziatik, Gabonetako Loteriaren inguruko iruzurrak saihesteko.

Internet bidezko erosketetan arreta berezia ipintzeko gomendatu dute, gune ofizial eta seguruetara bakarrik joz. Gainera, identitate faltsuzko dei eta mezuez ez fidatzeko eskatu dute, sarritan hartzailearen datu pribatuak zein banku-datuak lortzeko egiten baitira.

Zentzu horretan, proposatzen zaizkien telefono-zenbakietara ez deitzeko eta webguneetarako estekarik ez jarraitzeko eskatu diete erabiltzaileei, baita ordainketarik ez egiteko ere.

Era berean, Poliziak gomendatu du erne egotea betiko iruzur klasikoen aurrean. Esate baterako, tocomocho delako iruzurrean, adineko pertsonei gerturatzen zaizkie kalean eta, saritutako dezimo bat kobratu ezin dutela azalduta, diru askoren trukean eskaintzen diete dezimo hori.

Hona hemen Poliziak sare sozialen bitartez zabaldutako dekalogo osoa:

1) Toki eskudunetan bakarrik erosi Loteriako dezimoak, denda fisikoetan zein online izan.

2) Erosketa Internet bidez egitekotan, gorde itzatzu horrekin zerikusia duten mezuak eta, hala behar izatekotan, salerosketaren pantaila-argazkiak egin.

3) Ez fidatu ezagutzen ez duzun eta parte hartu ez duzun zozketa batean saritua izan zarela dioten mezuez.

4) Froga ezazu zure dezimoak logoa, kodea eta egiaztapen elementu guztiak dituela.

5) Loteria lagunekin zein familia-kideekin partekatzean, fotokopiatu dezimoa, eta adierazi nork parte hartu duen erosketan eta zein kantitate jokatu duen horietako bakoitzak.

6) Saia zaitez billetea baldintza onean gordetzen. Izan ere, hori hondatzeak arazoak ekar ditzake saritua izatekotan, eta hiru hilabetera iraungitzen da, gainera.

7) Egiozu argazki bat zure dezimoari edo, bestela, leku seguru batean idatzi zenbakia eta galtzekotan identifikatzen lagun dezaketen elementuak.

8) Salatu edozein polizia-etxetan zure dezimoaren galera edo lapurreta, Estatuaren Loteria eta Apustuei jakinarazteaz gain.

9) Iruzur baten biktima izan bazara, ez zalantzarik izan hori salatzeko, egileei eta euren modus operandiari buruzko datu guztiak emanez.

10) Azkenik, ez bazara iruzurren baten biktima izan baina horri buruzko daturik baduzu, Poliziari jakinarazi diezaiokezu.